Angel Telleria Kantabriako El Duesoko espetxera aldatuko dute

2020/12/11
Card image cap
Espetxe erakundeak preso baten Euskal Herriratzea eta beste bosten hurbilketa iragarri du gaur

  Egun Madrilgo Estremeran dagoen Angel Telleria Uriarte oñatiarra Kantabriako El Duesora aldatzea erabaki du Espetxe erakundeak. Berria gaur kaleratu da eta bizpahiru astetan gauzatzea espero da.

  Angel Telleria 2017ko otsailaren 23an Mexikon atxilotu eta hurrengo egunean espainiaratu zuten. Dirudienez, aurreko mendeko 80. hamarkadan iritsi zen Ameriketara eta beste izen bat erabiliz bizi izan zen bertan. 2018an epaitu zuten eta 30 urteko kartzela zigorra jarri zioten armak eraman, terrorismo erakundeko kide izan eta hainbat atentatutan parte hartzea leporatuta. 2039ko abuztuan beteko ditu zigorraren 3/4ak, espetxe erakundeak jakinarazi duenez. Telleriak 65 urte beteko ditu egun gutxi barru, urtarrilaren 1ean.

  Telleria Uriarte oñatiarra Madrildik Kantabriako El Duesoko espetxera aldatuko dute, hau da, 520 kilometrora egotetik 170 kilometrora hurbilduko dute. Bigarren gradua aitortuta iritsiko da gainera Kantabriara. Eta ez da El Duesora aldatuko duten euskal preso bakarra izango, egun Murcia II espetxean dagoen Jon Krespo Ortega eta Castellon II-n dagoen Jon Etxeberria Oiarbide ere Kantabriara hurbilduko baitituzte. Espetxe erakundeak gaur iragarri duenez, Jexux Mari Altable Etxarte Castellon I-etik Soriara aldatuko dute eta Jon Mirena San Pedro Blanco Herrera de la Manchatik Palenciara. Egun Toledoko Ocaña I-ean dagoen Karlos Apeztegia Jaca berriz, Iruñeko kartzelara ekarriko dute.

  Azaro hasieran Martuteneko espetxera ekarri zuten Joseba Arregi Erostarbe oñatiarra, Asturiasekoan hamar bat hilabete egin ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!