Andrea Azkoaga interioristak irabazi du XIII. erakusleiho lehiaketa

2020/12/21
Herritarren saria eta bigarrena, Kimu-Urtxin loradendak eskuratu ditu

  XIII. erakusleiho lehiaketaren inguruko sari banaketa ezohiko moduan egin zen ostiralean, osasun egoerak hala eraginda. Ez zen ekitaldi bateraturik egin eta udal ordezkariak saritutako dendetara zuzenean joan ziren. Baina lau sari banatu ziren, azken urteetan ohikoa bihurtu denez.

  Lau sari baina hiru saridun izan dira aurtengo erakusleiho lehiaketan, sarritan gertatzen den bezala, Herritarren sariak eta epai mahai teknikoak emandako bat etorri baitira. Sari bikoitza eskuratu du Kimu-Urtxin loradendak aurten; Herritarren saria eta bigarren saria lortu baitu orein burudun lorontziaz apaindutako erakusleihoak, 800 euro guztira.

  Baina lehen saria, 1.000 euro, Andrea Azkoaga interioristak eraman du; elurtutako paisaia batean doazen hainbat panpinek irudikatzen dute Barue etxeko lokaleko erakusleihoa. Eta hirugarren saria, 200  euro, Barue interiorismoak eraman du, hau ere Santa Marina plazara ematen duen Barue etxepean. Olentzero eta Mari Domingiren marrazki perfilatuez apaindu dituzte erakusleihoak.

  1.046 herritarrek parte hartu dute Herritarren saria aukeratzeko bozketan eta Kimu Urtxin loradendak botoen % 26a eskuratuta saria eraman zuen. Loradendako arduradunei zenbaki bat eskatu zitzaien eta horren arabera, erabaki da boto emaileen arteko  saritua. Herritar horrek 200 euro jasoko ditu.

  Ostiralean banatu ziren dendarik denda joanda XIII. erakusleiho lehiaketako sariak. Guztira 21 dendek parte hartu dute eta 4 sari banatu dira, 1500 €.  Parte hartu duten denda eta lokaletako eskaparateak abenduaren 31ra arte bereziki apainduta mantendu beharko dira, lehiaketaren arauak betez, baina gehienek Errege egunera arte ez dute aldatzen. Ondoren neguko beherapenak hasiko dira eta ordurako bai, erakusleihoek itsura berria hartuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Andrea Azkoaga interioristak jaso du lehenengo saria