Andraitz taldeak udalaren diru laguntza jasoko du berdintasunaren arloan aurten proposatutako lau egitasmoak gauzatzeko.

2014/05/28
Card image cap
Guztira, 4.000 € pasa ematea onartu berri du udal gobernu taldeak.

   “Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteei zuzendutako diru laguntza deialdira eskaera bakarra aurkeztu zen, Andraitz taldearena hain zuzen ere. Eskaera bakarra baina lau egitasmo biltzen dituena.

  ANDRAITZ –ek 2014ko programan 4 proiektu nagusi aurkeztu ditu esan bezala: dantza afrikar ikastaroa, “nitaz arduratu, zutaz arduratu” amona zaintzaileentzat tailerra, autoestima eta jabekuntza programa eta emakumeak, gorputzak eta dibertsitatearen kudeaketa izenekoa. Aipatu lau egitasmo hauetatik batzuk,  iaz jada lantzen hasi ziren: dantza afrikarrak edo autoestima eta jabekuntza programa esaterako. Lehenak, gorputzaren eta bere atalen gaineko kontzientzia garatzea du helburu eta autoestima indartu eta ahalduntze prozesua erraztu eta berdintasun erlazioak indartzea besteak.

  “Nitaz arduratu, zutaz arduratu” amona zaintzailei zuzendutako tailerrak berriz, auto-zaintzarako baliabideak eskaini, seme-alaben eskaerei modu asertibo batean erantzuteko tresnak eskuratu eta amona zaintzaileen bizi kalitatea hobetzea du helburu.

  Emakumeak, Gorputzak eta dibertsitatearen kudeaketari buruz berriz, teoria feministetatik sortutako gakoak landu eta askotariko emakume-identitateen inguruko gogoeta egitea da xedea.

  Proposatutako proiektuak aztertuta, aurrez zehaztutako irizpideen arabera baloratu dira eta gutxieneko puntuazioa lortuta, diruz babestea erabaki da. Hala, berez Andraitzek aurkeztutako programak, 7.000 €ko aurrekontua badu ere, udalak, 4.000 pasako diru laguntza ematea erabaki du.

  Orain, diru laguntzaren % 75a ordainduko da eta gainontzekoa, ekintzak gauzatu ondoren, gastuen eta ekintzen memoria aurkeztutakoan ordainduko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!