Aloñako Lagunek martxoaren 12an egingo dute Zuhaitz Eguna

2017/02/07
Parte hartzeko, izena eman daiteke jada

  Aurten ere bi Zuhaitz Egun antolatu dira martxorako, familia giroan egin ohi den Zuhaitz Eguna batetik eta helduentzat propio Aloñako Lagunek antolatzen dutena bestetik. Biak, bata bestearen jarraian egingo dira, martxoaren 5ean eta 12an.

  Aloñako lagunak taldeak zabaldu du jada Aloña-Duru inguruan egingo den Zuhaitz Egunerako deialdia. Martxoaren 12an izango da, esan bezala, eta parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete jada. Horretarako mezua elektronikoa bidaltzea eskatzen da honako helbidera: aloinalagunak@gmail.com Eguneko hitzordua Unaimendin egin dute 10:00tan. Handik, landaketa gunera joango dira. Arbol berriak sartzeko lana amaituta, hamaiketakoa izango da partaide guztientzat inguruko txabola batean.

  Aloñako Lagunek 2001. urtean ekin zioten Zuhaitz Eguna antolatzeari. Urtetik urtera, goiko lurretan egoki moldatu daitezken hainbat arbol landatu dituzte eta ardura berarekin jarraitzen dute. Azken urteetan behin baino gehiagotan atzeratu behar izan dute Zuhaitz Egunaren ospakizuna, goietan elurra zegoelako. Aurten zer gertatuko den aurreratzerik ez dago, bakarrik, data finkatu dela eta martxoaren 12an egin asmo dela. Aloñako Lagunek, basozain eta Natur Eskolako kideen laguntzarekin antolatzen dute urtero helduen Zuhaitz Egun hau.

Iturria: Oñati Irratia

2015eko Zuhaitz Eguna