Aloña Mendik antolatutako 8. Garagardo festa uztailaren 3tik 6ra egingo da.

2014/05/07
Aurten ere plazako aparkalekua zenekoan egingo da. Hartarako baimena eman zen azken tokiko gobernu batzarrean.

  Iaz, eta etorkizunera begira Garagardo festa honetarako beste kokapen aukera batzuk aztertzea eskatu zion  udalak kirol taldeari baina aurten, inolako arazo edota baldintza berezirik gabe karpa plaza ondoko jolaslekuan jartzeko baimena eman du. Eta azken orduko aldaketarik ez badago, 8. garagardo festa uztailaren lehen asteburuan, 3tik 6ra egingo da.

  Oraindik, bi hilabete falta diren arren, horrelako festa handiak muntaia berezia eskatzen du eta garaiz ibili behar da. Are eta gehiago, jaia, hiru egun eta erdikoa denean, osteguna izango den uztailaren 3an irekiko baita Garagardo festako karpa eta domekara arte mantenduko baita, azken urteetan egin den bezala.

  Aloña Mendik, plazako aparkalekua zena erabiltzeko baimena ez ezik, hainbat udal material erabili ahal izatea eskatu du: mahaiak, aulkiak eta Gaztelekuko soinu ekipoa, esaterako. Egun batetik bestera materiala gorde ahal izateko Gaztelekuko instalazioak erabili ahal izatea ere eskatu da.

  Materiala utzi eta Gaztelekua erabiltzeari dagokionean, udalak halakoetan jarri ohi dituen baldintzak jarrita, eskaera onartu du. Karpak izango duen ixte ordutegia ere finkatu du udalak: lehenengo eta azken egunean, gaueko ordu batak arte eta tarteko ostiral eta zapatuan, ordu biak arte.

  Pasa den astean onartu ziren udal baimenak eskutan, Aloña Mendiko arduradunek Garagardo Festak eskatzen dituen beste azpiegitura eta hornidura kontuak lotu beharko dituzte hemendik aurrera.

  Aloña Mendik antolatutako Garagardo jai berezi honek bi helburu nagusi izan ditu hasieratik: kirol elkarteko sail ezberdinen arteko elkar ezagutza eta lana batetik eta diru premiei aurre egin ahal izateko finantzabide izatea bestetik. Gaur egun dena den, elkartearen barne batasun horrek hartu du garrantzia. Baina hasierako bi helburuak buruan, eta inguruko herrietan egiten zenari jarraituz, 2007an ekin zion Aloña Mendi kirol elkarteak Garagardo Festa antolatzeari.

Iturria: Oñati irratia