Alkatetzara iritsiz gero, aurreneko 100 egunetan hartuko dituen neurri zehatzak aurkeztu ditu EAJk

2019/05/24
Card image cap
Kale-auzoen konponketa, argiteria hobetu, hondakinen kudeaketan aldaketa eta merkataritza suspertzea dira jeltzaleen lehentasunak

  Alkatetza eskuratzen badu, agintaldiko lehen ehun egunetan hartuko dituen neurrien aurrerapena egin zuen atzo Ainhoa Galdos jeltzaleen alkategaiak komunikabideen aurrean. Oñati herri atseginagoa bihurtzeko asmoz, irisgarritasunaren aldeko hainbat neurri hartuko dituztela aurreratu zuen: kale-auzoak konpondu eta argiteria hobetu, besteak beste.

  Hondakinen bilketa sistema birplanteatzea da EAJren asmoa, landa-auzoetan emaitza onak ematen ari den edukiontzi bidezko sistema herri osora hedatuz. Landa auzoak herri gunera hurbiltzeko, Herribusaren ibilbidea zabaldu asmo da, Larraña, Murgia, Lezesarri edota Uribarrira iritsi dadin. Horretarako azterketa egitea agindu zuen alkategai jeltzaleak atzoko prentsaurrekoan.

  Herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuz, mendekotasun maila txikia duten pertsonentzako Eguneko Zentroa irekitzea eta egongo zentroan plaza gehiago sortzea eskatuko da. Tokiko merkataritza suspertzeko plan estrategikoa lehenbailehen abiatzeko asmoa ere aipatu zuten hautetsi jeltzaleak, gobernu karguetara iritsiz gero lehen 100 egunetan hartuko dituzten neurriak zehazterakoan. Oñatin herri bizia eta kale biziak nahi dituztela azpimarratu zuen Ainhoa Galdosek. Kirolak eta kultura arloetan hartuko lituzketen lehentasunezko hainbat neurri ere aurreratu ziren atzoko agerraldian. 

  Baina, agintaldi berrian, udalaren finantza egoera estua kontutan hartu beharko dela eta hori kudeatzeko arduraz jokatu beharko dela azpimarratu zuen Ainhoa Galdosek. EH Bilduk EAJk utzi zion udal saneatua konprometitu duela esan zuen Galdosek eta Kiroldegiko proiektuarekin udala lotuta utzi dutela. Ondorioz, legealdi berrian udal gobernuak estuago jokatu beharko duela adierazi zuen alkategai jeltzaleak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!