Alemania eta Frantziatik etorritako bi ikasle taldek bat egingo dute bihar Oñatin

2016/03/10
Card image cap
Zuazola institutukoekin elkartrukea osatzen ari diren frantziarrak zapatuan itzuliko dira, Elkar Hezikoak gonbidatuta datozen alemaniarrak bihar iritsiko dira.

  Ikastetxeetan lantzen duten bigarren edo hirugarren hizkuntza praktikatzeko elkartrukeak dira bi kasuetan gauzatzen ari direnak. Zuazola institutoko ikasleek frantzesa eta Elkar Hezikoek ingelesa praktikatzeko aukera izango dute eta Frantzia eta Alemaniatik etorritakoek, gaztelera. Aldi berean, herrialde, kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute hango nahiz hemengo ikasleek. Izan ere, elkartrukeak horixe du, orain hemen dauden ikasleei bisita itzultzen zaiela.

  Elkar Hezikoen kasuan, oñatiarrak izan ziren bista lehenik egin zutenak, urtarrilean Alemaniako Ditzingen herrian izan baitziren. Egun etxean Frantziako ikasle lagunak dituzten institutukoak berriz, maiatza amaiera-ekaina hasieran joango dira Argenton Sur Creuse herrira.

  Frantziatik 22 laguneko taldea etorri da, 20 ikasle eta bi irakasle. Alemaniatik berriz, 24 ikasle eta bi irakasle etorriko dira bihar. Guztiak batxilergo lehen mailako ikasleak dira.

  Bigarren Hezkuntzako herriko ikastetxeek atzerriko hizkuntzak lantzeko elkar-truke proiektu ezberdinetan parte hartzen dute, hizkuntza aldetik ez ezik, esperientzia pertsonal aldetik ere aukera aberasgarria eskainiz bertako ikasle eta familiei. Txantxiku Ikastolak ere Bretañako Diwan kolegio batekin eta Eslovakiako beste ikastetxe batekin egin ohi ditu ikasle elkar-trukeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!