Oñatiko udala

Aldarrikapena eta ospakizuna uztartzen duen ekintza egitarau zabala antolatu da Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan.

2014/03/03
Card image cap
Aborto lege berriari buruzko hitzaldia eta arte adierazpen erakustaldia egingo dira besteak beste.

  Hilaren 8an ez ezik, martxo osoan zehar izango dira Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekintza ezberdinak. Udalak eta herriko talde feministek aldarrikapen eta ospakizun egitarau anitza eta oparoa antolatu dute.

  Osteguneko zine klub emanaldiak emango die hasiera Emakumearen eguneko ekitaldiei, beste urte batez propio aukeratutako pelikula pantailaratuko da, kasu honetan, GLORIA izenekoa.

  Ostiralean, sexu informazio bulegoaren inaugurazioa egingo da Gaztelekuan eta ondoren, ZORTZINTXIKA antxintxikaldi popularra. Iaz abian jarri zen ekimenak harrera ona izan zuela ikusita, urtero, martxoaren 8aren aurreko ostiralean errepikatzea erabaki da. Berdintasunaren aldeko korrikaldian herritar guztien partaidetza bilatzen da.

  Larunbatean ospatuko da aurten Emakumearen Nazioarteko Eguna eta oraingoan ere, aldarrikapena eta ospakizuna eskutik etorriko dira. Eguerdian, elkarretaratzea egingo da plazan “emakumeon borroka eta elkartasun eguna” lemapean. Ondoren kalejira izango da eta arratsaldeko lehen orduan, “Txantxiku Emakumeon Bazkaria” gaztetxean. Txartelak, dagoeneko salgai daude. Eguneko ekitaldiak, Gaztelekuan egingo den bakarrizketaz osatuko da. Ixabel Agirresarobek “emakume protagonistak” saioa eskainiko du.

  Abortua hizpide hartuta hitzaldia eta arte erakusketa antolatu dira. Hilaren 10ean “Abortoaren lege berria, emakumeon eskubideen hondamena” izeneko hitzaldia egingo du Begoña Zabalak, Nafarroako abokatu feministak eta ABORTATU ARTEa erakusketa egingo da bestalde, martxoaren 22an Gaztetxean. Egun hauetan, “gure gorputza, gure erabakia!” lemarekin bat egiten duten artelan eta idatziak jasotzen ari dira.

  Bularreko minbiziari buruzko hitzaldia eta “bizitza ardatz jarriz” ekarpen ekonomiko feminista eta ekologista feminista saioa egingo dira hilaren 18 eta 19an.

  Hileroko tertulixan irakurleen klubaren jardunak ere emakumearen egunarekin bat eginda, Laura Mintegik idatzitako “Sisifo maiteminez” liburua aztertuko du eta horretarako, idazlearen beraren presentzia izango da liburutegian.

  “Hitzak” antzezlana eta “Cuidado resbala” dokumentalaren emanaldiak eta tailer ezberdinek osatzen dute martxorako antolatu den ekintza egitarau berezia.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!