Aldakiñoko bidexka argiztatzeko proposamena aurkeztuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/05/18
Card image cap
2017ko larreratze kanpainan "tricomoniosis bovina" gaitzetik libre izatearen ziurtagiriak presentatzeko beharraz ere berba egingo da

  Ingurumena eta Landa Garapena arloko gaiak bereziki aipagarriak dira gaurko gobernu batzarreko lan zerrendari erreparatuta. Olakua eta San Martin auzoak elkar lotzen dituen Aldakiñoko bidexkan argiteria jartzea proposatuko da. Horretarako aurrekontuak eskatu dira jada eta gobernu taldea osatzen duten kideei azalduko zaizkie. Geroz eta gehiago dira Olakua eta San Martin auzoen arteko bidexka hau erabiltzen dutenak. Udalak, orain urte batzuk dela zuhaiztian zeuden bidezidorretako bat hormigoiztu eta egur hesiz txukundu zuen. Orduan jada, argiteria azpiegitura ere egin zen hariteria eta farolak jartzeko guneak prestatuz. Arratsaldeko batzarrean berriz, lan horiek osatzeko aurrekontu proposamena aztertuko da.

  2017ko larreratze kanpaina ere martxan da. Hainbat herritarrek ganadua Aloña ingurura igo dute. Artalde jabeei azteria edo sarnaren kontrako tratamendua egina dutenaren agiriak aspalditik eskatzen zaizkie, aurrerantzean, behi-azienden jabeei ganadua tricomoniosis bovina gaitzetik libre dutela ziurtatzen duen agiria aurkeztea ere eskatuko zaie. Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriak iaz halako ziurtagiriak eskatu zituen lehengoko aldiz. Oñatiko udalak ez zuen eskatu baina jakinekoa da mendian dagoen ganadua libre ibiltzen dela Partzoneria eta Aloña inguruko larreetan. Horregatik, Oñatiko ganaduzaleei ere ziurtagiri hori aurkeztea eskatuko zaie. Gaia, esan bezala, arratsaldeko tokiko gobernu batzarrean azalduko da.

  Aipatutakoak gaurko bilerarako zerrendatu diren 51 gaietako bi besterik ez dira. Kultura batzordearen eskutik Korpus eta San Migel jaietan Oñatira etortzeko eskaera egin duten barraka jabeen gaia aztertuko da eta Ogasuna batzordearen eskutik berriz, Ondare Higiezinen gaineko Zergari dagokion errolda azalduko da. Foru Aldundiak zenbait ondare higiezinen balio katastrala eguneratu zuen iaz, eta balio berri horiek oinarri hartuta kobratuko den udal zerga honen xehetasunak emango zaizkie gobernu taldeko zinegotziei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!