Aldai eta Gomiztegi gaztandegiek parte hartuko dute Aretxabaletan egingo den Debagoieneko Artzainen V. Egunean

2017/05/10
Card image cap
Nagusien Dantzari Eguna ere ospatuko da eta Oñatz dantza taldekoak izango dira

  Larunbatean Aretxabaleta eskualdeko artzain eta dantzarien topagune bihurtuko da eta Oñatik ordezkaritza zabala izango du bertan.

  Arrasate, Oñati, Bergara eta Eskoriatzan ospatu ondoren Debagoieneko Artzainen Eguna Aretxabaletara iritsiko da zapatuan. Ekintza ezberdinak antolatu dira: artzainen azoka, bildotsa burduntzian, gazta dastatze tailerra, haurrentzako jolasak eta beste, guztiak, goizean zehar egingo dira. Sei gaztandegiko produktuak eskuratu ahal izango dira propio antolatu den azoka berezian, tartean, Oñatiko birenak: Aldai eta Gomiztegikoak. Gomiztegiko lagunek gainera, gatzatu tailerra egingo dute. Aipagarria da Artzain Egun honen baitan gazta dastatzea ere egin ohi dela. Orain arte kanpoko aditu bat ekarri izan da baina aurten Debagoieneko Pastoriek taldeko bi kidek gidatuko dute dastatzea beren eguneroko jarduna azaltzearekin batera. Izan ere, Debagoieneko pastoriek  elkartea baita Mankomunitatea, Deba Garaia Landa Garapena elkartea eta Aretxabaletako udalarekin batera Debagoieneko Artzainen V. Egun honen antolatzaile.  

  Baina larunbatean beste ospakizun esanguratsua izango da Aratxabaletan, Debagoieneko Dantzari Nagusien Eguna. Horretan ere oñatiarrak izango ditugu, Oñatz dantza taldekoak joango baitira. Oñatiarrekin batera, Arrasate, Antzuola eta Aretxabaleta bertako dantzari nagusiek parte hartuko dute. Goizean zehar kalejiran ibiliko dira eta 12:00tan alardea eskainiko dute. Ondoren, dantza-poteoa eta bazkaria egingo dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!