Alberto Plazaola aurkitu eta atxilotzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak

2015/03/11
Card image cap
Guardia zibila Plazaola atxilotzera joan zen bart baina ez zuen etxean topatu

  Gaueko 23:00ak aldera joan ziren Guardia Zibilak Alberto Plazaola atxilotzera. Moiua kalera, etxera joan zitzaizkion baina ez zuten bertan topatu. Ordu erdi inguru egin zuten agenteek etxebizitza barruan eta ondoren alde egin zuten. Guardia Zibilak 11 Patroletan joan ziren Plazaola atxilotzera. Iritsi eta etxebizitza barruan zeuden bitartean kalean bildutako hainbat herritarrek oihu egin zieten guardia zibilei. Inguruan, “Alberto Plazaola maite zaitugu” zioen pankarta ere ikusi zitekeen.

  Auzitegi Gorenak, abenduan emandako ebazpena bertan behera utzi zuela eta atxilotze agindua eman zela jakin bezain pronto, herritarrak Moiua kalera, Plazaolaren etxe inguruan biltzen hasi ziren. Hartarako deia sare sozialen bidez zabaldu zen. Aurrez jada, Aittori elkartasuna azaldu eta “neurrira” egindako espetxe politika salatzeko elkarretaratzea deituta zegoen plazan. Elkarretaratzea manifestazio bihurtu zen. Eta hau amaitu ondoren, zenbait herritar Plazaolaren etxe atarira hurbildu zen berriro.

  Gorenak eguerdian hartu zuen erabakiaren inguruan, ezker abertzaleak  irakurketa "iluna" egin zuen, auzitegiaren erabakiaren atzean espainiar estatuaren eta PPren "mendeku gosea" dagoela salatuz. Espainiako gobernuan dagoen alderdiaren apostua euskal prozesatuek ahalik eta kondena luzeena betetzea dela esan zen atzoko manifestazioan eta hauteskunde urtean gaudela gogoratu zen, PPk jokoan asko duela azpimarratuz. ETXERATek ere, erabakia “politikoa” eta “onartezina” dela adierazi zuen ohar bidez. Espetxe politika mendeku hartzeko erabiltzen ari dela eta “samina sortzeko" hartu zen erabakia zela salatu zuen ETXERATek.

  Alberto Plazaola eta Santi Arrospide aske utzi izanaren aurka Fiskalak aurkeztutako helegitea ontzat eman zuen atzo Auzitegi Gorenak, eta ondorioz, baliogabe utzi zuela Auzitegi Nazionalak bi presoak kaleratzeko abenduan eman zuen agindua. Arrospide kartzelan dago jada, beste bi delitu egotzi baitzizkioten Auzitegi Nazionalak aske utzi ondoren, baina Plazaola libre dago oraindik, guardia zibilak ez baitzuen bart etxean topatu. Auzitegi Nazionalak aurkitu eta atxilotzeko agindua eman du.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!