Aizkorri-Aratz natura parkean barrena urtero antolatzen den mendi irteeren egitasmoa domekan hasiko da

2017/04/05
Artzaintzaren inguruko irteera egingo da

  Sei mendi irteera berezi egingo dira aurten Aizkorri-Aratz natur parkea ezagutzera emateko. Apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean eta irailean egingo direnak zehaztuta daude eta urrikoa oraindik konfirmatzeko. 2017ko lehenengo irteera domekan bertan egingo da artzaintza gaitzat hartuta. Arantzazuko Parketxe aurrealdetik abiatuko da ibilaldia, 10 km ingurukoa eta publiko orokorrarentzat aproposa antolatzaileen hitzetan. Bidean, Gomiztegiko Artzain Eskola bisitatuko da artzaintzaren inguruko argibideak jasotzeko. Bertan atseden hartu ondoren, Arantzazuko pasealeku irisgarria jarraituz Parketxera itzuliko da.   

   Maiatzaren 14ean, Uraren bidea irteera egingo da Jaturabe, Aitzgain, Orkatzategi eta Aitzulo uztartuz. Ekainaren 11an Parketxea bera izango da gai nagusi eta Iturrigorri-Urbia- Elorrola parajeetatik ibiliko dira. Uztailaren 8an, mendi irteeren egitasmo honetan klasikoa den Aloña ilunabarrean irteera egingo da, zapatu iluntzean izango den bakarra. Eta irailaren 17an Degurixara irteera egingo da. Urriaren 8koa oraindik konfirmatzeke dago, arkeologiaren gaia azaldu nahi da baina nondik nora egingo den zehazteko dago.

  Parketxeak  eta Arantzazuko adiskideak elkarteak antolatzen dituzten txango hauek publiko orokorrari zuzendurik daude, hau da,  igande goiza, edo zapatu ilunkara,  naturarekin kontaktuan eta lagun artean igaro nahi duen edonori zuzenduta. Prezioa 3 eurokoa izango da. Parte hartzeko izena aurrez eman behar da, telefonoz edo emailez. Domeka honetan egingo den irteerarako izen ematea zabalik dago. 943.782894 Parketxeko telefono zenbakira deitu daiteke.  

Iturria: Oñati Irratia

2017ko mendi irteeren egitaraua