Aisialdiko begirale ikastaroa antolatu du Udalak

2020/09/15
Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa Oñatin eta euskaraz emango da

  Haur eta gazteen aisialdirako begirale ikastaroak, teoria eta praktika uztartzen ditu. Urrian hasi eta maiatzera arte luzatuko da eta larunbatetan emango da, 9:00tatik 15:00tara. Horri, asteburu osoan luzatuko den jardun berezia batu behar zaio. Guztira, 150 ordu teoriko eta 160 praktiko osatuko dira.

  Udalak antolatutako formazio ikastaro honetan parte hartzeko, maiatza amaieran, hau da, atal teorikoa burutzen denerako, 18 urte beteta eduki behar dira, titulua eskuratzeko ezinbestekoak diren praktikak egiteko, 18 urte beteta izatea eskatzen baita. Alde praktiko hori egiteko bi urteko epea izango dute partaideek, 2022ko irailera arte. Titulua eskuratzeko memoria osatu eta aurkeztu beharko da. 

  Ikastaroak 500 euroko matrikula kostua du baina udalak diru laguntzak emango dizkie ikasle eta langabetuei. Hauek, matrikula kostuaren %75a berreskuratzeko aukera izango dute eta gainontzekoek % 50a, baldin eta Oñatin erroldatuta badaude eta ikastaroaren aprobetxamendu ona erakutsi edo titulua eskuratzen badute. Gaur bertan argitaratu eta ireki da aisialdiko begirale ikastaro honetan izena emateko epea. Azken eguna, urriaren 8a izango da. Izena, udaleko web orrian sartuta eman behar da. Plazak mugatuak dira eta lehentasuna, oñatiarrek izango dute.

  Informazio gehiagorako, bide ezberdinak daude: udaletxeko telefono zenbakira deituta, 943 780 411 zenbakira deituta, Iñaki Akizurekin berba eginez; Gaztelekuko informazio puntura hurbildu eta galdetuta edota udaleko web atariaren bitartez. Bilera irekia ere antolatu da informazioa eskaintzeko helburuz. Bilera, Kultur etxeko zine aretoan egingo da datorren asteartean, hilaren 22an, 18:00tan.

  Udalak antolatuta lautan egin dira aisialdiko begirale ikastaroak gurean, hau beraz, bosgarrena litzateke. Oin hurrengoa, 2018an egin zen.

Iturria: Oñati Irratia