Aisialdi begirale ikastaroa egokitu egin da, herritarren eskaerari erantzunez

2018/09/26
Card image cap
2001ean jaiotako guztiek parte hartu ahal izango dute eta praktikak egiteko urtebeteko epea egongo da

  Irailaren 28an, ostiralean amaitzen da Aisialdiko Begirale ikastaroan parte hartzeko izen-ematea. Udaleko Hezkuntza departamentuak antolatutako ikastaroaren hasierako planteamendua egokitu egin da, herritarren eskariz, eta orain artean eskaini den formatu berean egitea erabaki da, partaide gehiagori aukera emate aldera.

  Orain arte Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea titulua eskaini da, Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua. Aurten, lehen aldiz, Lanbideren ziurtagiri profesionala ere eskuratu zitekeen ikastaro bakarra eginda, baina azkenean bigarren hau ez da eskainiko, ezartzen zituen muga edo baldintza zorrotzak saihestu eta herritar gehiagori ikastaroa egiteko aukera emanez. Aste honetan erabaki den aldaketak adin tarte handiagoko lagunei parte hartzeko aukera emango die, eta praktikak egiteko epea luzatuko du. 2001 urtean jaiotako guztiek ikastaroan parte hartu ahal izango dute, lehen 2001 urteko maiatzera bitartean jaiotakoek bakarrik eman baitzezaketen izena, eta 160 orduko praktikak egiteko urtebeteko epea izango da eta ez lehen ezarritako lau hilabeteko epe murritza.

  Baldintza hauek aldatuta, parte hartzeko aukera, interesa agertu duten hainbat lagunei irekitzen zaie. Bestelakoan, ikastaroa, iragarri bezala egingo da Urtxintxa aisialdi eskolako teknikariek emango dute eta larunbatetan izango da. Urriaren 27an hasi eta maiatzaren 18ra arte 25 zapatutan emango da, 9:00etatik 15:00etara eta horri, asteburu edo Gabonetako oporretan egingo diren bi eguneko hiru jardun batu behar zaizkio. Guztira, 150 ordu teoriko beteko dira  eta titulua eskuratzeko beste 160 ordu praktiko bete beharko dira. Horiek, norberak topatu beharko ditu eta esan bezala, atal teorikoa bukatu ondoren urtebeteko epean egin beharko dira, hau da, 2020ko iraila aurretik. Eusko Jaurlaritzak emandako titulu homologatua eskuratzeko, ikastaro teorikoa, praktikak eta lanaren laburpen txostena osatu beharko dute ikasleek.
Ikastaroaren prezioa 500 € da. Baina udalak, diru laguntza bidez, erdia edo hiru laurdenak berreskuratzeko aukera emango die oinarrizko hiru baldintzok betetzen dituztenei: Oñatin erroldatuta egon, eskolen aprobetxamendu ona erakutsi eta justifikatutako 24 ordu baino gehiago galtzen ez dutenei. Langabetu edo ikasleei matrikularen % 75a itzuliko zaie eta gainontzekoei matrikularen erdia, beti ere, aipatu aprobetxamendua egiaztatzen badute.

  Aisialdi begirale ikastaro honetan parte hartzeko izen-emate epea etzi amaituko da, hilaren 28an. Izena, www.oñati.eus udal web atarian sartuta eman behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!