Ainhoa Galdos Olazar da EAJren alkategaia

2019/03/28
Card image cap
Etorkizuneko erronkei aurre egin eta Oñati indarberritzeko beharrezkoak diren proiektuak sustatzeko hautagairik egokiena dela diote jeltzaleek

  Atzo arratsaldean prentsara zabaldutako ohar bidez jakinarazi du EAJk Uri Buru Batzarraren erabakia, hau da, Ainhoa Galdos Olazar hautatu duela EAJren alkategai izateko maiatzeko udal hauteskundeetan.

  Etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta Oñati indarberritzeko beharrezkoak diren proiektuak sustatzeko  hautagairik egokiena dela adierazi dute jeltzaleek. Zentzu horretan erronka horri heltzeko prest daudela esan dute eta proiektu eta egitasmo berrien bitartez Oñati lagunkoiagoa, hezitzaileagoa, partehartzaileagoa, biziagoa, atseginagoa, irisgarriagoa, indartsuagoa eta parekideagoa eraikitzeko.

  Ainhoa Galdos udal arduretara itzultzeko hautagai da berriro. Gogoratu, zinegotzia izan zela 2003tik 2015era bitartean, lehenengo legealdian gobernu taldeko kide izan zen eta hurrengo bietan oposizioko ordezkari. Orain, jeltzaleen zerrendaburu gisa gobernu ardurak berreskuratzen saiatuko da.

  EAJk ere emakumea proposatu du alkategai. Kasualitatea ez dela dio jeltzaleen prentsaoharrak, berdintasunean benetan sinesten dutela eta zentzu horretan urrats garrantzitsuak egin nahi dituztela erantsiz. Oñatiarrei aukera berriak eskaintzeko proiektu  asko eta mila ideia berri dituztela esanez amaitzen da alkategaia aurkezteko jeltzaleen prentsa-oharra. Aurkezpen ofiziala datozen egunetan egingo dela ere iragartzen dute.

  Ainhoa Galdosek 53 urte ditu eta piano eta kantu irakaslea da Jose de Azpiazu musika eskolan. Pake lekuko Aloña abesbatzako zuzendaria ere bada.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!