Aho batez onartu zen martxoko Osoko Bilkuran gazteen emantzipaziorako diru laguntzen arautegia

2015/03/31
Card image cap
18-30 urte arteko gazteei etxebizitzak alokatzeko diru laguntzak emango dizkie Udalak

  Udalbatzaren erabateko adostasunez onartu ziren diru laguntza hauen helburua bikoitza da: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea batetik, eta alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea bestetik.

  Diru laguntzak, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dituzte baldin eta, gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua baldin badute. Diru laguntzak eskatzeko baldintzak zehazten ditu martxoaren 26an onartutako arautegiak, bai gazteek bete beharrekoak eta baita alokairu etxebizitzek bete beharrekoak ere.

  Gazteei dagokienean, Oñatin gutxienez 10 urtetan erroldatuta egon izana edo azken bi urteetan erroldatuta egotea eskatzen da. Urteko diru sarrera gordinak mugatu dira eta gehienera 28.000 euro izango dira eskatzailea bakarra denean eta gehienez 35.000 euro bi eskatzaile edo gehiago direnean. Aurreztutako dirutik eratorritako errendimendu gordina ere mugatu da eta ezin izango da urtean 601 eurotik gorakoa izan. Diru laguntzaren eskatzaile eta etxebizitzaren jabearen artean ezingo da familia loturarik izan ahaidetasuneko bigarren mailaraino.

  Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon beharko dira eta bizigarritasun baimena izan beharko dute: erabiltzeko moduan dagoen sukaldea izan beharko dute, gas edota argindarraz hornituak, iturriko ura eta erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistemarekin. Kalerako aireztatzea eta bizikidetza unitateko bi pertsonako gehienez, logela bat. Diru laguntzetatik kanpo uzten dira, sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruan alokatutakoak. Diru laguntza hauetatik kanpo geratuko dira era berean, hilean 500 eurotik gorako errenta duten etxebizitzak.

  Udalak emango dituen diru laguntzak, hileko alokairuaren erdia izango da 250 euroko mugarekin. Gazteen emantzipaziorako diru laguntzetara  108.000 € bideratuko dira aurten.

  Diru laguntza hauek arautzen dituen ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu zen martxoko Osoko Bilkuran. Horren berri ematen duen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da 30 eguneko epean, interesatuek, alegazioak aurkeztu ditzaten. Epea beteta inolako alegazio edo erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, akordioa behin betiko onartuta geratuko litzateke eta gazteek emantzipaziorako diru laguntzak eskatu ahal izango dizkiote udalari.

 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!