Agustin Zarketari eskainitako seilu eta postalak argitaratu ditu CECA Oñati taldeak

2021/05/05
Card image cap
Txistularia jaio zela 100 urte beteko dira astelehenean, maiatzaren 10ean

  CECA Oñati filatelia eta numismatika elkarteak oroimen-omenaldi seiluak egiteko ohitura du, herrian urteurren edo ospakizun bereziren bat betetzen denean. Eta halaxe egin du, beste behin, Agustin Zarketa Eluategi gogoan hartuta seilu eta postala argitaratuz. Txistularia jaio zeneko mendeurrena beteko da astelehenean, maiatzaren 10ean. Aipagarria da CECAk iaz atera zuen seilu bakarra ere beste txistulari bati, Hijinio Iriarteri eskainitakoa izan zela. Eta Hijiniorekin batera txistu akademia sortu zuela Agustin Zarketak aurreko mendeko 70. hamarkadan, txistulari gazteak prestatzeko helburuz.

  Agustin Zarketa txistulari gisa gogoratzen dugun arren, hasi, danborra jotzen hasi zen eta bandan saxofoia ere jotzen zuen. Kanturako zaletasuna ere bazuen eta Parrokiako koruko partaide izan zen. Gipuzkoako txistulariekin harreman handia zuen eta herrietako jaietan antolatzen ziren alardeetan parte hartzeko ohitura zuen. 2004ko urrian hil zen, 83 urte zituela. CECA taldeak osatu dituen seilu eta postaletan txistua jotzen ageri da Agustin Zarketa. Argitalpen mugatua egin du herriko filatelia taldeak eta 150 seilu eta 90 postal kaleratu ditu. Laster, Turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira.

  CECA taldearen oroimenezko seilu eta postalen zerrenda luzatuz doa; 2007an Aita Madinari eskainitakoak atera zituen, 2010ean, Bidaurretako Monasterioari eta Borjako San Frantziskori eskainitakoak. 2015ean, Demetrio Iriarte eta Jose Mari Arizmendiarrietari eskainitakoak 2016ean, Francisco Esnal parrokiako organujolea izan zenari eta 2019an Arantzazuko artistei eskainitakoak: Oteiza, Alvarez de Eulate eta Saenz de Oizari eskainitakoak, hain zuzen. Iaz Hijinio Iriarte izan zen protagonista, eta laster, beste herritar bati eskainitakoak argitaratuko dituztela aurreratu dute jada CECAko kideek, baina ez dute izenik aurreratu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!