AGIFES elkarteak buru gaixotasunari buruz ikasi eta familien bizikidetza hobetzeko ikastaroa antolatu du Arrasaten.

2012/09/18
Ikastaroa Debagoienako familiei zuzenduta dago.

Agifes elkarteak buru gaixotasuna duten pertsonen senide edo zaintzaileei zuzenduta doako ikastaroa emango du Arrasaten. Helburua, beren senitartekoekin duten bizikidetza hobetzeko teknikak ikasteko aukera eskaintzea da. Elkarteak aurrera daraman “baikor pentsatu nahi duzu?” izeneko sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako prestakuntza ekintza hau bost saiotan gauzatuko da, orain irailean hasi eta azaroa bitartean. Ikastaro egunak konkretuki: irailaren 20a, urriaren 4 eta 18a, eta azaroaren 8 eta 22 izango dira, arratsaldeko 6.30tatik 8etara Arrasateko kultur aten.

  Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako ikastaro honen antolakuntzan eskualdeko udalek eta Arrasateko buru osasun zentroak lagundu dute.

  Buru nahasmendua, hala nola eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edota nortasun-nahasmendua duen pertsona bat zaintzea edo berarekin bizitzea zaila izan daiteke. Izan ere, gaixotasun horien ondorioz, senideen arteko giroa eta harremanak ezegonkor bihur daitezke. Horregatik, ikastaro honetan, parte-hartzaileek gaixotasunaren inguruko ezagutza zabaldu eta euren senideekiko harremana hobetzeko baliabideak erabiltzen ikasiko dute. Era berean, tratamendu mota desberdinen, egitura sanitario eta soziosanitarioen eta eskura dituzten baliabide eta gizarte laguntzen berri izango dute. Horrez gain, gaixotasun mentala duen pertsonak dituen babes juridikoak ezagutuko dituzte. Ikastaroa Agifese elkarteko hainbat profesionalek emango dute: psikologo, gizarte langile eta abokatuek. Parte hartzeko interesa duenak, Agifesen egoitzara deitu behar du izena emateko: 943 474337 telefonora.

  Ekimen honi esker, Agifesek buru eritasuna duten pertsonen senide eta zaintzaileenganako laguntza indartu nahi du. Eurak baitira elkartearen oinarrizko zutabe eta buruko gaixotasuna duten pertsonen sendatze prozesuan berebiziko garrantzia dutenak. Izan ere, Agifes elkartea buru gaixotasuna zuten pertsonei eta euren senide edo zaintzaileei laguntza emateko asmoz sortu baitzen 1985ean. Gaixoarengandik hurbilen dagoenari laguntzeko baina baita ere, buru gaixotasunari buruzko informazioa eta ezagutza gizartean zabaltzeko. Erakundeak 1.000 bazkide baino gehiago ditu gaur egun baina kolektibo handiago bati ematen dio zerbitzua. Errehabilitazio psikosozialerako hiru zentro ditu Gipuzkoan: bi Donostian eta hirugarrena, Eibarren. Gainera, zaintzapeko zortzi pisu kudeatzen ditu. Hurbilenak: Eibarren, Zumarragan eta Elgoibarren.
Bestalde, harrera eta orientazio programak, laguntza taldeak, etxez etxeko esku-hartze psikohezitzailea, senideentzako eta buru nahasmendua dutenentzako talde terapiak, aholkularitza juridikoko programak eta aisialdi taldea ere eskaintzen ditu elkarteak.