Administrarien lan poltsa eratzeko azken azterketa datorren asteazkenenean egingo da

2016/11/24
11 lagunek dute ariketa psikoteknikora aurkezteko aukera

  11 lagun horiek dira, behin behineko emaitzen arabera, azken azterketa praktikoa gainditu dutenak. Baina erreklamazioetarako epea bihar amaitzen da eta akaso, azterketa errebisioren bat eskatu liteke oraindik. Hala bada, aztertuko da eta behin betiko emaitzak datorren aste hasieran argitaratzea aurre ikusten da, beti ere, asteazkenean egingo den azterketa psikoteknikoaren aurretik. Administrarien lan poltsa eratzeko azterketaldia osatuko duen ariketa izango da, euskarazko azterketarik ez baita egingo, hautaketa prozesuan dirauten lagun guztiek eskatutako hizkuntza maila agiri bidez egiaztatu baitute.

  Azken proba hori, azterketa psikoteknikoa, azaroaren 30ean, udaletxean egingo da 10:00tan hasita. Hautagaiek, nortasun agiriarekin joan beharko dute.

  Azterketaldia amaituta, proba guztiak gainditu dituzten hautagaien merituak  baloratuko dira lan poltsarako hurrenkera zehazteko. Agiri bidez egiaztatu duten lan eskarmentua eta prestakuntza osagarria baloratuko zaie.

  Udalak, administrarien lan poltsa eratzen dihardu, langileen bajak bete edo aldian-aldian pilatu daitezkeen lanei aurre egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia