Adingabeen denboraldi baterako harrerarako udal diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2018/08/28
Card image cap
Ukraniako hiru gaztetxo egon dira aurtengo udan Oñatin

  Irailaren 20ra arte zabalik dago, garapen bidean dauden edo hondamendia jasan duten herrialdeetatik etorritako adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak eskatzeko epea. Helburu horrekin lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakunde juridikoen bidez emango dira laguntzak. Eta Oñatin erroldatuta eta bertan bizi diren familietara udan etorri diren adingabeen denboraldi baterako harrera kostuak arintzera zuzenduko dira. Hala, adingabeen joan-etorriko gastuak, aseguruak edota osasunarekin lortutako gastuak dira udalak diruz lagunduko dituenak.

  5.000 euroko diru partida dauka udalak laguntza hauetarako baina adingabe bakoitzeko gehienez 1500 euro emango ditu. Atzerriko adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntza hauek erakundeen bitartez bideratuko dira, esan bezala. Horretarako, erakunde eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte: irabazi asmorik gabeko izaera juridikoa izan eta egoitza nagusia Euskadiko Autonomia Erkidegoan izan beharko dute; diruz lagundutako ekintzat aurrera eramateko gaitasun eta egitura egokia izan eta gainera, halakoetan eskarmentu egiaztatua izatea eskatzen da. Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak beteta dituztela ere erakutsi beharko dute. 

  Iazko martxoko Osoko Bilkuran onartu zen garapen bidean dauden edo hondamendia jasan duten herrialdeetatik datozen adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak ematea. Gaia azaltzerakoan, Sahara edo Txernobil ingurutik Euskal Herrira udan etorri ohi diren neska mutikoak aipatu ziren.

  Oñatin, aurtengo udan, Ukraniako hiru gaztetxo egon dira. Egun hauetan itzultzekoak ziren beren jaioterrietara. Haur hauen egonaldiaren ardura izan duten erakundeek udalaren diru laguntza eskatu dezakete irailaren 20ra bitartean. Hori bai, Oñatin erroldatuta eta bertan bizi diren familietara etorri diren neska-mutikoen gastuak arintzeko beti ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!