Adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak emango ditu udalak

2017/04/27
Eskaerak maiatzaren 31ra arte egin daitezke udal bulegoetan

  Garapen bidean dauden edo hondamendia jasan duten herrialdeetatik datozen adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntza deialdia argitaratu du udalak. Helburu horrekin lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakunde juridikoen bidez emango dira laguntzak. Eta Oñatin erroldatuta eta bertan bizi diren familietara datozen adingabeen denboraldi baterako harrera kostuak arintzera zuzenduko dira. Hala, adingabeen joan-etorriko gastuak, aseguruak edota osasunarekin lortutako gastuak dira udalak diruz lagunduko dituenak. 12.000 euroko diru partida gorde du udalak laguntza hauetarako baina adingabe bakoitzeko gehienez 1500 euro emango ditu.

  Atzerriko adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntza hauek erakundeen bitartez bideratuko dira, esan bezala. Horretarako, erakunde eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte: irabazi asmorik gabeko izaera juridikoa izan eta egoitza nagusia EAEan izan beharko dute; diruz lagundutako ekintzat aurrera eramateko gaitasun eta egitura egokia izan eta gainera, halakoetan eskarmentu egiaztatua izatea eskatzen da; zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak beteta dituztela ere erakutsi beharko dute. 

  Martxoko osoko bilkuran onartu zen garapen bidean dauden edo hondamendia jasan duten herrialdeetatik datozen adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak ematea. Gaia azaltzerakoan, Sahara edo Ukraina ingurutik Euskal Herrira udan etorri ohi diren neska mutikoak aipatu ziren. Haurrak etxean hartzeko gertu dauden familiek eskaera egin diete jada halakoez arduratzen diren erakundeei eta orain, erakundeek udalaren diru laguntza eskatu dezakete maiatzaren 31ra bitartean. Hori bai, Oñatin erroldatuta eta bertan bizi diren familietara etorriko diren neska-mutikoen gastuak arintzeko beti ere.

Iturria: Oñati Irratia