Oñatiko udala

Adineko eta gaixo kronikoen sedentarismoari aurre egiteko, herrian zehar egin daitezken hiru ibilaldi ezagutzera emateko irteera gidatuak egingo dira abenduan.

2012/11/21
Ekimena, TIPI TAPA egitasmoaren baitan antolatu da.

  Tipi Tapa egitasmoaren helburua, pertsona nagusiek ariketa fisikoa egin dezatela da. Bakoitzak ahal duen neurrian eta mailan, baina ariketa fisikoa egitea. Horrek, bai fisikoki nahiz psikologikoki hobe sentiaraziko baititu.

  Tipi-Tapa egitasmoan, udalak eta anbulatorioak bat egin dute. Udalak, baliabide teknikoak edo, jarri ditu: herrian zehar oztopo arkitektonikorik ez duten hiru ibilbide zehaztu dira eta horien berri ematen duten diptikoak argitaratu dira. Gainera, postetxe aurrealdean, oinarrizko ariketak egiteko elementu bereziak jarri dira.

  Anbulatorioak bere aldetik, baliabide tekniko horien berri eman die kontsultara joan diren adinekoei. Bakoitzak duen mugikortasun maila eta ariketa egiteko ohituraren arabera, ibilbide ezberdinak erabiltzera animatuz. Maiatzetik hona gainera, fisioterapeuta batek gidatutako ariketa tailerra egiten ari dira mugikortasun arazoak dituztenei zuzenduta.

  Euskal autonomia erkidegoko Osasun inkestaren arabera, 65 urtetik gorako 100 biztanletatik 53 sedentarioa da. Alegia ez du inolako ariketa fisikorik egiten. Portzentaje hori murriztea da Tipi Tapa egitasmoaren helburua.

  Orain, urrats bat haratago joan nahi da. Eta idatziz banatzen den informazio hori osatuz, aipatu 3 ibilbideak aurkeztu eta postetxe inguruko gimnasia elementu berezi horiek ikusi eta nola erabili erakusteko irteera gidatuak egingo dira.

  Irteerak, abenduaren 10-12 eta 14an egingo dira. Egun bakoitzean distantzia eta zailtasun maila ezberdineko ibilaldiak egingo dira. Lehena, laburrena, 2 kilometro eta erdi pasatxokoa, kasablanka ingururaino doa. Bigarrena, ia 3 kilotero eta erdikoa, Ugarkalderainoko ibilbidea da eta hirugarrena, luzeena, kasik 5 kilometro eta erdikoa, Kola Kao ibilbidearen parekoa.

  Ibilaldi gidatu guztiak plazatik abiatuko dira eta Postetxe pareko parkean amaituko dira. Bi ordu inguruko irteerak izango dira, goizeko 11etan hasi eta ordu batetan edo amaituko dira. Kiroldegiko begirale aditu batek gidatuko ditu.

  Parte hartzeko interesa duenak, aurrez izena eman behar du abenduaren 5a baino lehen. Izena, anbulatorioan eman behar da. Interesa duen pertsonak, bere erizainarekin zita eskatu behar du eta duen asmoa azaldu. Egiten duen ariketa fisikoaren arabera, erizainak, ibilbide bat edo beste egitera bideratuko du. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!