Oñatiko udala

Adineko egoitzetako langileek alkateen bitartekaritza eskatuko dute lan gatazka bideratzeko

2020/12/10
Card image cap
Greba deituta dago gaur eta biharko

  Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek bi urte daramatzate lan hitzarmen berri bat eskatuz. Tarte horretan hainbat mobilizazio egin dituzte, eta beste batzuk gauzatu ezinda geratu dira, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak agindu dituelako. Hori da ELA eta LAB sindikatuek gaur eta biharko deitu duten grebaren kasua: erizain, laguntzaile eta garbitzaileen zerbitzua % 100ean betetzea agindu da, arropa garbiketa zerbitzua % 90ean eta sukaldea % 50ean. Greba eskubidea urratu egiten dela salatu dute sindikatuek.

  Une honetan blokeatuta ikusten duten lan gatazka bideratzeko tokian tokiko alkateen bitartekaritza eskatuko dute egoitzetako langileek; gatazkaren konponbidean lagundu dezaten eskatuz, alkateei zuzendutako eskaera formalak sartuko dituzte Gipuzkoako udaletxe guztietan. Bitartean, eskualdean, Bergaran eta Arrasaten, elkarretaratzeak egin dira goizean eta bihar, Donostian manifestazioa egingo dute.

  Egoiliarren senitartekoak biltzen dituen Gipuzkoako Senideak elkarteak bere aldetik, egoitzetako lan gatazka konpontzeko borondate politikoa eskatu zion diputazioari, atzo egin zuen agerraldian. Beraien familiakoek bizi duten egoeraz kezka eta haserrea azaldu zuten, gatazkaren erdian eta tentsio handia bizitzen ari direlako. Gakoa, foru erakundearen jarrera dela esan zuten, eta egoeraz duten ezagutza partekatzeko prest agertu ziren,  elkarrizketarako bidea errazte aldera. Bide batez, erabakietan parte hartzeko bideak zabaltzea eskatu zuten, adinekoen egoitzen funtzionamenduari eta bereziki egoiliarren egunerokoari eragiten dieten erabakietan guztiz baztertuak baitaude egoiliarrak eta familiak, Senideak elkartekoek adierazi zutenez.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!