Abstentzioak bi puntu eta erdi egin zuen gora atzoko hauteskundetan Oñatin, EH Bildu eta EAJren kalterako

2016/06/27
Card image cap
Abenduan indartsu sartu zen Ahal dugu taldea sendotu egin da herriko hirugarren indar gisa

  Orain sei hilabete botoa emateko aukera zuten 100 oñatiarretatik 69k bozkatu zuen. Atzo berriz, 66k pasatxok. Kopuru errealetan, abenduko hauteskundeekiko 462 lagun gutxiagok bozkatu zuten atzo Oñatin. Eta kasualitatez, EH Bilduk eta EAJk galdu dituzten botoak batuta, 468 ematen du. Baina ezin da alderaketa horrela, huts-hutsean egin, sinpleegia litzateke eta Elkarrekin-Ahal dugu koalizioak izan duen boto igoeraren jatorria azaltzea berriz, zaila litzateke.

  Hauteskundeen emaitzei begiratuta, EH Bilduk, indarrik bozkatuena izaten jarraitzen du Oñatin, 1971 botoekin, eta EAJ, bigarrena da, 1899 botoekin. Biek ordea, babesa galdu dute abenduko hauteskundeekiko, bereziki EH Bilduk, 368 boto gutxiago jaso baitzituen atzo. EAJk, aldiz, 100 gutxiago. Bi alderdi bozkatuenen arteko aldea, abenduan, 5 puntu eta erdikoa izan bazen, atzo, puntu eta erdikoa besterik ez zen izan. Indartsu jarraitzen duena bestalde, Podemos-Ahal dugu da. Abenduan, 967 boto lortu zituen Oñatin. Atzo, Ezker Batuakekin koalizioan aurkeztuta, 1296 boto eskuratu zituen. Orain sei hilabete, Ahal duguk eta Ezker Batuakek bakarka lortu zituzten bozkak batuta 1040 eskuratu zituzten, hau da, atzo baino 256 gutxiago. Elkarrekin-Ahal dugu koalizioa da, atzoko hauteskundeetan gurean boto irabazi handiena lortu zuena. PSE-EE-ak ere, 9 boto gehiago zenbatu zituen atzo. Aipagarria da bestalde, PPk, orain sei hilabete lortu zuen bozka kopuru berbera errepikatu zuela atzo, 215 boto.

  Orokorrean, egun lasaia izan zen gurean. Mahairen batean, titularra agertu ez eta ordezkoak geratu behar izan zuen baina ez zen aparteko gertaerarik izan.

  Gipuzkoan atzo eman ziren emaitzekin konparatuta, oñatiarren bozka ezberdina izan dela ondorioztatzen dugu, abenduan gertatu zen bezala. Gipuzkoan, Ahal dugu-Podemos izan da alderdirik bozkatuena. Ondoren,  EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Ondorioz, Gipuzkoak aukeratzen zituen sei diputatuetatik bina Ahal Dugu eta EAJkoak izango dira eta EH Bildu eta PSE-EEk, ordezkari bana izango dute Kongresuan. Senaturako hautagaiei erreparatuta, bestalde, gogoratu, hautagaitza irekiak zirela eta edozein zerrendetako hiru izen aukeratu zitezkeela. Oñatin, bozkatuenak, EH Bilduko Alberto Unamunzaga, Maite Sarasua eta EAJko Mª Eugenia Iparragirre izan ziren. Baina orokorrean, EAJko Maria Eugenia Iparragirre eta Vitoriano Gallastegi eta Elkarrekin-Ahal dugu koalizioko Pilar Garrido eta Josetxo Arrieta izango dira  Gipuzkoa ordezkatuko duten senatariak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!