Abian da jada Euskararen Kriseilua egitasmoa

2019/01/24
Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen egitasmoa LH 1, 2 eta 3. mailako ikasleekin eta familiekin landuko da

  Gabonetako oporren bueltan abiatu da Oñatiko Euskararen Kriseilua egitasmoa. Udalaren Hezkuntza zerbitzuak eta herriko LHko hiru ikastetxeek elkarrekin abiatu dute hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen egitasmoa. Urgain Errekalde, Elkar-Hezi eta Txantxiku Ikastolako 6 - 8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko ekimena Aste Santura arte luzatuko da. Ekimenaren amaiera apirilean ospatuko da partaide guztiekin jaialdi xume bat eginez.

  Parte-hartzera animatzen diren haurrek Euskararen Kriseilua etxera eramango dute astebetez, euskararen sua piztuta izateko konpromisoarekin. Izen-ematea bihar amaituko da eta familiek ikastetxean bertan edo www.onati.kriseilua.eus web gunearen bidez egin ahalko dute izen-emate hori. Kriseilua etxera eramaten duten aste horretan, familiaren hizkuntza ohiturak aztertzen dituen galdetegi bat bete beharko dute familiek, euskara sustatzeko zenbait konpromiso hartuz.

  Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan aurkeztu zen udaletxean, Euskararen Kriseilua egitasmoa. Amaitu berri zen Euskaraldiaren ekimenari jarraipena emanez, etxe giroan, familiartean, hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko aukera gisa azaldu zen. Euskaltzaleen Topagunearen eskutik ekarri du Udalak Euskararen Kriseilua proiektua herrira.

Iturria: Oñati Irratia