93 lagun aurkeztu dira udalak kaleratu duen lan eskaintzara.

2013/10/22
Lau pioi lanposturako onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda atzo arratsaldean argitaratu zen.

  Hautaketa prozesura aurkezteko, oraingoz 84 lagun onartu dira eta 9 baztertu. Dena den, gaur hasi eta hiru eguneko epean erreklamazioak bideratu edota akatsak zuzentzea eskatu daiteke.  Hiru eguneko epe honetan aurrez aurkeztu ez diren egiaztagiriak ere entregatu daitezke. Hori diogu, hasiera batean prozesutik kanpo utzi diren 9 pertsona horietatik 8ren kasuan, arrazoia, langabezian daudela behar bezala ez akreditatzea izan delako. Eskaera azken orduan bete eta Lanbideren eguneratutako egiaztagiririk entregatu ez dutenek beraz, ostegunera arteko epea dute agiria eskuratu eta udal bulegoetara eramateko.

  Udal teknikariak bitartean onartutako hautagaien egoera sozio-ekonomikoa aztertu eta aurrez zehaztutako baremazioaren arabera puntuatuko dute, horretarako oinarria, hautagaiek aurkeztu dituzten agiriak izango direlarik.

  Oñatin erroldatuta daraman denbora, langabezian daraman denbora eta prestaziorik kobratzen ez badu, egoera horretan daraman denbora bereziki puntuatuko dira; dituen familia kargak, emakumea ote den, euskaraz egiteko nahikoa gaitasun duen eta lanerako duen gaitasuna nahiz eskarmentua  ere puntuatuko dira. Hasierako puntuazio horri banakako elkarrizketan lortutako puntuak batuko zaizkio.

  Datorren astean zehar egin asmo diren elkarrizketa horietan, agiri bidez azaldu duten lanpostuen eskakizun profesional eta pertsonalak betetzen direla egiaztatuko da, besteak beste.

  Hautaketa prozesua lehenbailehen egitea komeni da orain kontratatuko diren lau pioiak azaroaren 15erako lanean egon beharko baitira. Hori da foru aldundiaren diru laguntza eskuratu ahal izateko jarritako oinarrizko baldintzetako bat. Besteak: gutxienez 5 hilabetetarako kontratatzea eta bitarte horretan lan jardun osoan aritzea.

  Udalak, herriko langabetuei zuzenduta lau pioi lanpostu betetzeko deialdia egin zuen eta 93 lagun aurkeztu dira. Onartu eta baztertuen zerrendak udaletxeko iragarki taulan edo udaleko web atarian ikusi daitezke.
Iturria: Oñati irratia