9139 debagoiendarren sinadurek babesten dute ekainaren 5ean egingo den herri galdeketa

2016/05/18
Card image cap
Botoa aurretik emateko aukera, datorren astelehenetik larunbatera izango da "Gure Esku Dago" taldearen Kale Barriako lokalean

  Sancti Spiritus unibertsitatean agerraldia egin zuen atzo herri galdeketa sustatzen duen Erain Debagoiena taldeak. Prozesuari zilegitasuna ematen dion sinadura bilketa kanpaina amaituta, hasieran jarritako kopurua oso goitik gainditu dela adierazi zuten. Debagoiena eta Aramaion, 6500 sinadura biltzea zen hasierako helburua, eta 9139 batu dira bi hilabetetan. Horrek ematen duen konfiantzaz heldu diote herri galdeketa bera egiteko antolakuntzari.

  Barruko lanak egiten diren bitartean, herritarrei zuzenduta hainbat girotze ekintza gauzatuko dira, nagusiki hitzaldi eta mahai inguruak antolatu dira. Oñatin ere bai. Atzo, Garbiñe Biurrun eta Gema Zabaleta izan ziren Santa Ana aretoan, eta datorren asteazkenean, maiatzaren 25ean, Jaume Lopez eta Koldo Saratxaga arituko dira, Zelai Nikolasek dinamizatutako mahai inguruan. 19.30tan izango da eta Santa Ana aretoan bertan. Ekainaren 5a, bestalde, herri galdeketen eguna, festa eguna izango dela azpimarratu zen atzoko agerraldian.

  Ekainaren 5ean, non bozkatu ahal izango den, garaiz jakinaraziko da kalean jarriko diren kartelen bidez. Oñatin erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edonork izango du botoa emateko aukera, Oñatin jaioak nahiz beste herri edo herrialde batetik etorritakoek. NANa aurkeztea nahikoa izango da baldin eta bertan agertzen den helbidea Debagoienean badago. Hala ez bada, edo EHNArekin identifikatzen bada, udaletxean egiten den erroldatze agiria eraman beharko da. Bozka egunera arte itxaron gabe, erroldatze agiria aurrez eskuratzea gomendatu dute antolatzaileek.

  Ekaina 5ean bozka ematera joan ezin duenak, aurrez egin ahal izango du. Eskualdeko herri bakoitzak zehaztu du zein egun, ordu eta lekutan eman ahal izango den boto aurreratua. Oñatin, datorren astean izango da horretarako aukera, maiatzaren 23tik 28ra, hau da, astelehenetik larunbatera; 11.00tatik 12.00ra eta 19.00tatik 20.00tara. Lekua berriz, Kale Barriako 45. zenbakian dagoen lokala, alegia, Gure Esku Dago taldearen lokala. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!