10 proposamen aurkeztu dira Eltziako ur parkea eratzeko lanen lizitaziora

2017/03/20
Card image cap
Olaran paisaia egitasmo orokorraren lehen gunea da Eltziako ur jolasena

  Eltzia aurrealdeko parkean elkarren segidako bi zonalde eratuko dira: ur jolas eta zorrotaden gunea Ugarkalde aldera eta pertsona helduek ariketa fisikoa egiteko gunea San Lorentzo aldera. Lanak, Lur Paisajistak enpresak osatu zuen proiektuaren arabera egingo dira. Batetik, hiru ur tanta irudikatuko duen gunea izango da. Gune honetan ur zorrotada eredu ezberdinak egokituko dira. Lurzorutik irteten diren zorrotadak izango dira nagusiki eta ur tanta eta ur uhinen ideia indartzeko, asfalto gainean zirkulu zuri kontzentrikoak margotuko dira. Bestalde, ibilbide bat egokituko da berdegunean, etorkizuneko osasun edo ariketa parkea jasoko duena. Aipatuta ibilbide hori errepide nagusiaren aldameneko espaloiarekin eskailera bitartez elkartuko da. Eltzia aurrealdeko aisialdi eta ur jolasgune hau prestatzeko espaloia eta errepide zati bat hartuko dira. Ondorioz, alde horretako aparkalekuak desagertu egingo dira.

  Eltziako Ur Parkea eratzeko lanak, 3 hilabeteko epean egin beharko dira. Hori da behintzat lizitazio deialdian zehaztu den denbora muga. Aurrekontua berriz, BEZa kanpo utzita, 356 mila euro.

  Gaur amaitu da eskaintzak aurkezteko epea eta hamar proposamen jaso dira udal bulegoetan. Lanak esleitzerakoan proposamen ekonomikoak eta lanen memoria teknikoa baloratuko dira. Memorian, ur jolas gunearen instalazioaren ezaugarriak eta funtzionamendu egokirako bete behar dituen baldintzak azaldu beharko dira. Eta proposatu daitezkeen hobekuntzak ere baloratuko dira. Aipatu memoria teknikoa 45 punturen gain baloratuko du kontratazio mahaiak eta eskaintza ekonomikoa berriz, 55 punturen gain.

  Olaran paisaia egitasmoa Olaran erreka inguruneko berdeguneak erreberritzeko plangintza orokorra da. Eltzia aurrealdea, Olakuako dorre ingurua, Natur Eskola, Aldakiño basoa eta San Martin auzoko jolas parkea biltzen ditu bere baitan. Plangintza, faseka gauzatu asmo du udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!