80 lagunek parte hartu dute Gaztelekuak eta Bertso eskolak antolatutako X. Bertso paper lehiaketan

2019/04/03
Sari banaketa igande arratsaldean egingo da

  Gaztelekuko Bertso paper lehiaketa 10 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adinaren arabera bi talde bereizten dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak batetik eta bigarren hezkuntzakoak bestetik. Guztira, 80 lan inguru jaso dira. Kategoria bakoitzean egin beharreko lana ezberdina izan da eta sari kopurua ere ezberdina izango da: gaztetxoenen kategorian 5 sari emango dira eta nagusienen kasuan, hiru. Saridun guztiek euskalgintzarekin eta bertsolaritzarekin lotutako opariak jasoko dituzte. Domekan, 17:30tan hasiko den sari banaketa ekitaldian Onintza Enbeita bertsolariak, Bizkaiko txapeldunak parte hartuko du. Sari banaketaren ondoren, Gaztelekura hurbiltzen diren guztientzako merienda eskainiko da.

  X. Bertso paper lehiaketako epai-mahaia Txinparta bertso eskolako 4 lagunek osatu dute. Aurten ere lan handia izan dutela aitortu dute, ikastetxeetan bertsolaritzaren inguruan egiten ari den lanaren ondorioz, lehiaketara aurkezten diren lanen kalitatea handituz baitoa urtetik urtera. Baina hautaketa eginda dago eta  hauexek dira saritu direnak: lehen hezkuntzakoen sailean, lehenengo saria Etxaun Lizarraldek jasoko du, bigarrena Lide Mendarozketak, hirugarrena Irati Mendizabalek, laugarrena, Maider Alberdi eta Izaro Elgero bikoteak eta bosgarrena Naroa Morenok. DBH eta batxilego sailean berriz, lehenengo saria Aitor Tatiegik eskuratuko du, bigarrena Bittor Zubiagirrek eta hirugarrena Lide Arregik.

  Gaztelekuko X. Bertso paper lehiaketako sari banaketa domekan egingo da Gaztelekuan bertan. 17:30tan hasiko da eta partaide, esan bezala, Onintza Enbeita bertsolaria izango da.

Iturria: Oñati Irratia

IX. bertso paper lehiaketako sarituak