80.000 euro banatuko ditu Udalak Oñatin kultur proiektuak eta programak gauzatu nahiz kultur sormen lanak egiteko

2020/06/24
Dirulaguntzak eskatzeko epea uztailaren 27an amaituko da

  Udaleko Kultura departamentuaren dirulaguntzen deialdian bi  laguntza lerro biltzen dira: kultur proiektuak eta programak gauzatzeko 66.000 euroko diru poltsa izango da batetik, eta Oñatin, irabazi asmorik gabeko taldeek garatuko dituzten kultur sormen lanak egiteko 14.000 euroko beste poltsa bat izango da. Iazko diru partida 10.000 eurotan handitu da eta guztira 80.000 euro izango dira kultur arloko dirulaguntzetarako.

  Kultur proiektuak eta programak gauzatzeko dirulaguntzak, kultur arloko ekintza bat edo programazio oso bat antolatzen duten talde eta erakundeek eskatu ditzakete. Beti ere proiektua Oñatin gauzatzen bada. Ez dira kontutan hartuko udalaren beste dirulaguntzaren bat eskuratzen duten ekintzak. Dirulaguntza honen eskatzaileek, dagokien eskaera orri orokorrari, proposatutako ekintza edo ekintzei buruzko fitxak erantsi beharko dizkiote. eta baita nortasun agiriaren kopia edota identifikazio fiskalaren kodearen kopia ere. Eskariak baloratzerakoan, proposatutako programaren ezaugarriak, eskaera egin duen erakundearen ibilbidea eta ezaugarriak eta dituen finantza baliabideak hartuko dira kontuan.

  Kultur sormen lanetarako dirulaguntzen deialdia berriz, Oñatiko sortzaileei zuzenduta dago, talde eskatzailearen erdiak edo  banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egon beharko baitute. Dirulaguntza hauekin musikagileen maketen grabazio eta edizioa, komiki, fanzine edo bestelako kultur argitalpenen edizioa, antzezlan edo ikus-entzunezko lanen produkzioak edota bestelako sorkuntza formatu gauzatzea babestuko da. Dirulaguntza hauek banatzerakoan, herriko giza zein kultura ondareari egiten dion ekarpena, talde edo eragile ezberdinen arteko elkarlana, euskararen erabilpena sustatzea, genero ikuspegia txertatzea, taldearen egonkortasuna eta argitalpenaren kalitatea, kopurua eta aurrekontua hartuko dira gogoan, besteak beste.

  Kasu guztietan, proiektuak diruz babestea erabakitzen denean, dirulaguntzaren % 60a ordainduko da. Eta gainontzekoa, egindako lanaren likidazioa aurkezten denean. Oñatin kultur proiektuak eta programak gauzatzeko nahiz oñatiarrek kultur sormen lanak egiteko dirulaguntza hauetarako eskaerak HAZ bulegoan aurkeztu behar dira, uztailaren 27a bitartean.

  Iaz, 24 elkarte eta kolektibo izan ziren dirulaguntza lerro hauen onuradun, eta beste hainbat lagundu ziren espazioak edo baliabide materialak utziz, aholkularitza eskainiz eta abar. Sormen dirulaguntzei dagokionean hainbat disko eta liburuk eta laburmetraia eta antzerki lan banak jaso zuten udalaren laguntza.

Iturria: Oñati Irratia

Udalaren dirulaguntzaz iaz argitaratu ziren bi liburu