8 langabetu aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du udalak Lanbideren bitartez

2018/11/23
Hiru pioi, hiru kale garbitzaile, artxiboko laguntzaile bat eta administrari bat kontratatu nahi dira.

  Lan eskaintza hauek Lanbideren Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako deialdian jaso dira. Oñatiko udalak 8 pertsona hiru hilabeterako kontratatuko ditu, 7 lan jardun osoz eta administraria, lan jardun erdiz. Kontratazio horiek gauzatu ahal izateko Lanbideren diru laguntza jasoko du udalak.

  Udal departamentu ezberdinen beharrak ikusita kale garbiketarako hiru pioi, udal brigadarako beste hiru eta artxiboko laguntzaile bat eta Gaztelekuan arituko den beste administrari bat kontratatzeko deialdiak argitaratu dira gaur Lanbideren web atarian. Izen-ematea ere Lanbideren web atari horretatik egin beharko da. Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da.

  Kasu guztietan Oñatin erroldatuta egotea eta Lanbiden izena emana izatea eskatzen da. Kale garbiketan eta udal brigadan arituko diren 6 pioien kasuan, eskolaratze ziurtagiria eta B1 gidabaimena izatea eskatzen da, 6 postuetatik 4tan behintzat B gidabaimena beharko da. Artxibo laguntzaile eta administrari lanpostuetara aurkeztu ahal izateko berriz, batxilergoa, LH2 edo baliokidea den titulazioa izatea eskatzen da eta euskarari dagokion 3 hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza izatea. Antzerako lanetan esperientzia izatea ere bereziki baloratuko da 8 lanpostuetan. Udalak, bere aldetik, 3 hilabeteko lan kontratua eskaintzen du, administrariari lan jardun erdiko kontratua egingo zaio, gainontzeko zazpiei lan jardun osokoa. Izena emateko epea azaroaren 29an amaituko da eta hautaketa prozesua lehenbailehen egin asmo da, ahal dela, abenduaren 10 ingururako lanean hasi daitezen.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien diru laguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia