8 langabetu aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du udalak Lanbideren bitartez

2017/10/26
3 kale garbitzaile, mendi bideak garbitzeko 4 pioi eta informatika laguntzaile bat kontratu nahi dira

  Lan eskaintza hauek Lanbideren enplegua sustatzeko toki ekintzetarako deialdian jaso dira. Oñatiko udalak 8 pertsona, lan jardun osoz, eta hiru hilabetetarako kontratatzeko Lanbideren diru laguntza jasoko du, ia 45.000 euro. Lanbidek jarritako baldintzak betetzeko kontratatuko diren langileetatik gutxienez 3 emakumezkoak izan beharko dute, 2 RGI delakoaren onuradun eta 55 urtetik gorako bat.

   Udal departamentu ezberdinen beharrak ikusita kale garbiketarako hiru pioi, mendi bideen garbiketarako lau pioi eta informatika laguntzaile bat kontratatzeko deialdiak Lanbideren orrian kaleratu dira gaur bertan. Izen-ematea, Lanbideren web atari horretatik egin beharko baita. Izena emateko azken eguna azaroaren 6a izango da. Kasu guztietan Oñatin erroldatuta egotea eta Lanbiden izena emana izatea eskatzen da. Kale nahiz mendi bideen garbiketan arituko diren 7 peoien kasuan, eskolaratze ziurtagiria izatea eskatzen da. Informatika laguntzaile lanpostura aurkeztu ahal izateko berriz, informatika-sistemen eta sareen erdiko mailako lanbide heziketa edo pareko formazioa izatea eskatzen da. Antzerako lanetan esperientzia izatea eta euskara ezagutza izatea bereziki baloratuko da; pioien kasuan, lehen hizkuntza eskakizunaren parekoa eta informatika laguntzailearen kasuan 3 hizkuntza eskakizunaren parekoa. Udalak, bere aldetik, 3 hilabeteko lan kontratua, lan jardun osoz eskaintzen du.

  Izena emateko epea azaroaren 6an amaituko da eta hautaketa prozesua lehenbailehen egin asmo da, ahal dela, azaroaren 15ean jada 8 langabetu horiek lanean hasi daitezen.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien diru laguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan. Oñatin kontratuko diren 8 lagunetatik 6k gutxienez, aipatu ratio horietako batzuk bete beharko dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Mendi bideen garbiketarako 4 peoi kontratatu nahi dira