7 oñatiarrek parte hartuko dute Herri Eguneko artisau erakusketan.

2014/10/02
Card image cap
Unibertsitateko klaustroan 20 artisau postu izango dira.

  Hasieran herriko 8 artisau espero baziren ere, azken orduko baja bat izan da eta ondorioz, 7 izango dira zapatuan Unibertsitateko klaustroan beren eskulanak erakusten egongo diren herritarrak. Libre geratu den zortzigarren erakuslekua berriz, beste artisau batek beteko du.

  Hala herritarrek eskuz egindako osagarri ezberdinak, kamiseta apainduak, zeramika, oihalezko nahiz fofucha panpinak, artile lanak eta xaboi, ukendu eta kosmetika produktu naturalak ikusi eta erosi ahal izango ditugu.

  Ez dira ordea, artisau azokan topatuko ditugun produktu bakarrak izango. Guztira, 20 artisau postu jarriko baitira eta tartean, beira-lanak, otarrak, egur tailak, jostailuak, larrugintza eta zilarrezko bitxigintza lanak topatuko ditugu.

  Artisau azokako antolatzaile talde ezberdinek herritarren partaidetza bultzatu dute betidanik. Baina aldi berean, lan berriei eta barietateari leku eginez. Hala, iaz, herriko artisauei zuzenduta, parte hartzeko deialdi publiko eta zabala egin zen, beraientzat propio 8 erakusleku gordeko zirela iragarriz. Herrian asko dira, 8 baino gehiago, artisau lan ezberdinak lantzen dituztenak. Hasi berriak nagusiki ez dira ordea bere lanak publikoki erakustera ausartzen. Beste batzuek berriz, zapaturako beste zeregin eta konpromiso batzuk dituzte. Hala ere, herritarren partaidetza garrantzitsua izango du aurten ere Herri eguneko artisau azokak. Beren lana erakutsiko dutenen hirutik bat oñatiarrak izango baitira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!