7 hautagaiek gainditu dute igeltsero ofizial lanposturako lehen azterketa.

2013/11/18
Emaitzak ikusgai daude eta erreklamazioren bat egin nahi duenak, bihar arteko epea dauka.

  Azterketa teoriko praktikoa egin zuten ostiral arratsaldean igeltsero ofizial lanpostura aurkeztu diren hautagaiek. Berez, 21 lagunek zuten azterketa egiteko aukera baina 5 ez ziren aurkeztu. Froga egin zuten 16 horietatik berriz, 7k bakarrik gainditu dute. Baina guztien emaitzak ikusgai daude udaletxeko iragarki taulan eta udaleko web atarian. Azterketa teoriko praktiko honen emaitzak ez ezik, gainditu dutenen kasuan, lortutako puntuazioa, aurretik merituen atalean zutenari batuta ere agertzen da zerrendan.

  Ostiralean bertan, arratsaldeko azken orduan argitaratu ziren aipatu emaitzak eta horrekin batera, zapatuan jada, erreklamazioetarako beti izan ohi den hiru eguneko epea ireki zen. Emaitzak berriro errebisatzea edo bestelako erreklamazioren bat egin nahi duenak, bihar arteko epea dauka hartarako. Erreklamazioak udaletxean aurkeztu behar dira. Azken orduko aldaketarik ez badago, 7 izango dira, hurrengo azterketara aurkeztu ahal izango duten hautagaiak. Froga praktikoa izango da. Oraindik dena den, ez da hurrengo azterketa horretarako eguna finkatu.

  Azterketa praktikoaren ondoren, azkena, euskarari dagokiona izango da. Hau, lanposturako eskatu zen bigarren hizkuntza eskakizunaren mailako ezagutza agiri bidez egiaztatu ez zuten hautagaiek bakarrik egin beharko dute.
Asmoa, urte akaberarako jada aldi baterako igeltsero ofizial lanpostuari dagokion hautaketa prozesua amaituta izatea da.

  Kontu egin behar baita berez administrazio publikoan kontratazio berriak egitea oztopatzen duen Madrilgo aginduaren ondorioz plantilla organikoan jasota dagoen lanpostu hau ezin bete egon dela udala eta lanak pilatuaz joan direla.
Atzeratutako lan horien premiak hala eraginda, lanpostua, gutxienez aldi baterako izaeraz betetzeko deialdia kaleratu da eta horri dagokion hautaketa prozesua da orain martxan dena.

  Aldi baterako kontratatuko den igeltsero ofiziala udal brigadan arituko da lanean, kale-plazetan nahiz udal eraikinetan igeltserotzari dagozkion mantenu lanak egiten, hiri altzariak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jartzen edota hornidura sare ezberdinak sartzeko zangak egin eta ixten. Horrezaz gain, brigada taldeak egin ohi dituen eszenatoki muntatze eta erretiratze lanetan edota bestelako garbitze, pintaketa eta mantentze lanetan lagundu beharko du.

Iturria: Oñati irratia