65 urte edo gehiago duten lau oñatiarretatik kasik 3k gripearen kontrako txertoa hartu du.

2012/12/11
%72a bakunatu da.

  Azken bakunazio kanpainako datuek, eskualdeko eta Euskadiko bataz bestekoa oso goitik gainditu dute Oñatin.

  Herriko osasun arduradunak oso pozik daude beste urte batez, egindako deialdiari Oñatiko nagusiek eman dioten erantzun ona ikusita.

  Iraila erdialdetik azaro amaierara arte luzatu den gripearen kontrako txertaketa kanpainak harrera ona izan du gurean eta 65 urtez gorakoen %72a pasa txertatzea lortu da. Kanpaina, ohikoa baino lasaiago hasi bazen ere, aurre ikusitako mailan amaitu zela esan genezake, izan ere, 65 urtez gorako herritarren, %72a pasak bakuna hartu baitu.

  Kopurua, urtero Oñatin lortzen denaren parekoa da. Alde horretatik beraz, herritarrak ia oso barneratuta duten zita berritu besterik ez dutela egin esan genezake. Baina datua bereziki esanguratsua da inguruko emaitzekin konparatzen dugunean.

  Debagoienean, Elgeta edo Antzuola bezalako herri txikiak izan ezik, Oñati izan da berriro, gripearen kontrako txertatu portzentaje altuena lortu duen herria. Eskualdeko bataz bestekoa %65 inguru kokatu da aurten eta Oñatikoa 7 puntu gorago. Euskadiko mediarekin alderatuta berriz, aldea dexentez handiagoa da. Kasu honetan, bataz bestekoa, %60-62 inguru izaten baita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!