644 m2-ko lursaila hartuko du Aldundiak Araotzeko errepidea zabaldu ahal izateko

2018/04/16
Card image cap
Hiru jabe partikularren eskuetan dagoen lursaila hartzeko iragarkia argitaratu du

  GI-3592 errepidea, Araotzeko errepidea, zabaldu eta hobetzeko proiektua gauzatze aldera, lursail bat expropiatzea aurre ikusten du Diputazioak. Hiru jabe partikularren esku dagoen 644 m2-ko lursaila da hartuko dena. Horren berri ematen duen iragarkia argitaratu du Aldundiak, Diputatuen Kontseiluari errekurtsoa aurkezteko aukera emanez.

  Araotzeko errepideak ia 4,5 Km-ko luzera du eta 4,5 m-ko zabalera, bataz beste. 1.065 eta 1.300 kilometro puntuen artean zabaldu egingo da, bi ibilgailurentzat lekua eginez. Konkretuki, 5,40 m-ko zabalera eman nahi zaio errepideari 250 metro horietan. Horretarako, mendia hondeatuko da eta harri horma egonkortuko da hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta, gaur egun dagoen manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berria egingo da 235 m-ko luzeran. Bukatzeko, lanak egingo diren bidearen goialdeko zatian zorua eta seinalizazioa berrituko dira eta azken 100 metrotan betelana egingo da. Lan hauek egin ahal izateko ordea, 644 m2-ko lursaila hartzea ezinbestekotzat jo du Diputatuen Kontseiluak. Lursailaren jabeei, partikularki ez ezik, publikoki ere jakinarazi zaie lursaila expropiatu egingo dela, iragarkia Gipuzkoako aldizkarian argitaratuz. 

  Araotzeko errepidea zabaldu eta egokitzeko lanok urteko bigarren seihilekoan egin asmo ditu Diputazioak. Horrela, auzotarren aspaldiko eskaera beteko da, errepidearen segurtasuna handituz.

  Foru aldundiak hainbat hobekuntza lan egin ditu azken urteetan Araotzeko errepidean. 2010ean drainatze eta euspen elementuak hobetzeko lanak egin zituen baina bideari ez zitzaion zabalera handiagorik eman. Orain, esan bezala, 250 m-tan errepidea zabaldu eta egokituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!