600 neska-mutiko inguruk parte hartuko dute domekako Haurren Egunean

2017/09/15
Oier Osa arduratuko da dantzari gazteei ongi etorria emateaz

  Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako 13 taldek bat egingo dute igandean 47. Haurren Egunean. Aipagarria da gainera, bi talde lehenengo aldiz etorriko direla: Hendaiako Akelarre eta Iruñeko Duguna dantza taldeak. Kanpotik, 330 haur inguru etorriko dira eta horiei Oñatz dantza taldekoak batu behar zaizkio. Handia, koloretsua eta alaia izango da beste urte batez  Haurren Eguna.

  Etorriko diren haur gehienak etxeetara edo elkarteetara joango dira bazkaltzera, herritarrek gonbidatuta. Oñatz dantza taldekoek herritarren eskuzabaltasun eta inplikazioa eskertu dute. Azken orduko doiketen arabera eta domekan zenbat haur datozenaren arabera, guztiek familiekin bazkalduko dute edo banaka batzuk elkarteren batera eraman beharko dituzte. Oinarri, Haitzalde eta Txantxiku Txoko elkarteetan hartuko dira, beharrik badago. Taldeetako arduradunek berriz, Pago Uso eta Larrain Gain elkarteetan bazkalduko dute. Haurren banaketa urtero bezala, 13:30tan egiten hasiko dira plazan.

  Beste herri batzuetan Haurren Egunak ahultzen edo desagertzen ari diren arren, Oñatikoak indartsu jarraitzen du. Dantzari gaztetxoek lan handia egiten dute urtean zehar dantza berriak ikasten eta halako irteerak sari izaten dira eurentzat. Oñatzen talde gaztetxoenak lehenengo agerraldi publikoa egin ohi du Haurren Egunean.

  Taldeei ongi etorria goizeko 10:15etan egingo zaie eta hamaiketakoa jan ondoren, eguerdi aurretxoan, 11:45tan, alkate txikiaren agurra jasoko dute. Oier Osak beteko ditu aurten alkate lanak. Ondoren, taldeak, herriko plaza eta kaleetan barrena dantzan ikusi ahal izango ditugu. Arratsaldean berriz, 17:00tan Etxaluzetik plazara kalejiran etorriko dira haur guztiak eta jarraian jaialdiari, alardeari hasiera emango zaio. Plazan izango da baldin eta ateri badago. Euria egiten badu, alardea Zubikoa kiroldegira aldatuko da.

Iturria: Oñati Irratia