6 langabetu kontratatuko ditu Udalak enplegua sustatzeko Lanbideren dirulaguntzaz

2019/04/17
Kale garbiketarako bi pioi, brigadarako hiru eta Euskaltegirako administrari bat kontratatzea aurreikusten da

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzen atalean Debagoienako Mankomunitateak egindako eskaera ontzat jo du Lanbide zerbitzuak. Behin behineko kontratazioak egiteko eskualdeko udal bakoitzak izango duen dirua banatuta, Oñatik ia 46.000 euro jasoko ditu, hau da, 6 langile kontratatzeko adina diru.

  Udal departamentu ezberdinetan dauden beharrak ikusi dira eta lehentasunak jarraituz 6 hilabeterako 2 kale garbitzaile eta 3 hilabeterako brigadarako 3 pioi eta Euskaltegirako administrari bat kontratatzea onartu du gobernu taldeak. Guztiei, 3 edo 6 hilabeteko epe horretan, jardunaldi osoko kontratua egingo zaie.

  Lanbideren programak jarritako baldintzak betetzeko eskualde mailan kontratatuko diren pertsonen % 40a emakumeak izan behar dira, % 30 diru sarrerak bermatzeko errenta edo RGI delakoa jasotzen dutenak eta % 15a  55 urtetik gorakoak.

  Aipatu sei kontratu hauez gain, Lanbideko enplegua sustatzeko tokiko ekintza programaren osagarri gisa, Oñatiko udalak pertsona langabetuak kontratatzeko dirulaguntzak eta gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzeko dirulaguntzak argitaratzeko helburua du aurten ere. Horretarako, Debagoieneko Mankomunitatearen dirulaguntza eskaerarekin batera, aipatu bi laguntza-programen oinarriak aurkeztuko dira Lanbiden. Eta behin oniritzia jasota, Oñatiko udalaren laguntza programaren oinarriak eta deialdia onartzeko prozedurari hasiera emango zaio.

  Lanbideren laguntzaz 6 langile aldi baterako kontratatzea erabaki den arren, hautaketa prozesuak ez dira berehalakoan martxan jarriko, uda-udazkenera itxarongo da, seguruenik.

Iturria: Oñati Irratia

Brigadarako 3 pioi kontratatuko dira Lanbideren dirulaguntzaz