6 eskaintza aurkeztu dira etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora

2016/02/08
Card image cap
Hartarako epea 14.00tan amaitu da

  Oñatin eta Udalarekin elkar lanean, etxez etxekako laguntza zerbitzuaz arduratuko den enpresa kontratatzea da lizitazio deialdi honen helburua. Hasiera batetan bi urtetarako kontratua sinatuko da baina beste bi urtez luzatzeko aukera jaso da deialdian. Gaur egun, 34 lagun daude etxez etxekako zerbitzu honetan lanean, ordezkapenak egiten dituztenak barne. Kontratu berria lortzen duen enpresak langile horiek hartu beharko ditu, langileen subrogazioa jaso baita lizitazio baldintzetan.

  Etxez etxekako laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Gaur egun, 70en bat herritar, familia dira etxez etxekako laguntza zerbitzua jasotzen dutenak. Kopurua, aldakorra da, eta ondorioz, udalak, kostuaren gutxi gora beherako kalkulua egin du kontratu berria lizitatzerakoan. Urteko 30.000 ordu bete beharko liratekeela kalkulatuta, lizitazio aurrekontua 661 mila eurotan finkatu du lehen urterako. Baldintzetan, eskaintzaren gehienezko prezioa orduka ere finkatu da, hala, astelehenetik larunbatera betetzen den zerbitzu ordu bakoitzeko gehienez 23 € ordainduko ditu udalak eta igande eta jai egunetan betetzen denagatik berriz, 28.75€. Baina lizitaziora aurkeztu diren enpresek gehienezko prezio hori merkatzea espero da. Eskaintza ekonomikoak, 10eko puntuazioan, gehienez 4 puntu lortzeko bidea emango die enpresei, aurkeztutako txosten teknikoak berriz, 6 puntu. Baina horiek, lizitaziora aurkeztu diren enpresen eskaintzak baloratzen direnean ikusiko da.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora sei proposamen jaso dira, lau, zuzenean udal bulegoetan aurkeztu dira eta beste bi postaz iritsiko direla jakinarazi da fax bidez. Etxez etxekako laguntza zerbitzua emango duen enpresa aukeratzeko lizitazioa abian den arren ez da indarrean sartuko datorren urtarrilaren 1a arte. Bitartean, 2011az geroztik zerbitzuaz arduratzen den EULEN enpresarekin kontratua baitu Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!