5G teknologiaren kontra protesta egingo da larunbatean Oñatin

2020/09/21
Card image cap
Hiru hitzaldi eta elkarretaratzea antolatu dira arratsalderako

  Irailaren 26a, 5G teknologiaren kontra protesta egiteko nazioarteko egun izendatu dute eta Oñatin izango du oihartzunik. Informa-tu taldeak antolatuta hiru hitzaldi eta elkarretaratzea egingo dira larunbat arratsaldean gurean.

  Asier Arregi geobiologo eta eremu elektromagnetikoetan eta geometria energetikoan aditu denak Osasuna eta elektromagnetismoa hitzaldia emango du. Uhin elektromagnetikoekiko sentiberatasun gaitza duen Aitziber Elortzak Elektrosensible izatea zer den azalduko du eta azkenik, Bizibide eta EQSDS-ko kide den Miren Mendik Nola babestu hitzaldia eskainiko du. Hiru hitzaldiok bata bestearen jarraian egingo dira Santa Ana aretoan, 17:30tan hasita. Aretoaren edukiera mugatua denez aurrez izena eman behar da, antolatzaileen telefono zenbaki honetara deituta: 658 719 089. Hitzaldietara perfumerik gabe eta mugikorra itzalita joatea eskatzen da,  hizlarietako batzuk uhin elektromagnetikoekiko eta gai kimikoekiko bereziki sentibera edo sensibleak direlako. Hitzaldiak amaituta, 5G teknologiaren kontrako elkarretaratzea egingo da plazan, 19:30tan.

  Larunbateko ekintzak osasunaren aldeko Informa-tu taldeak antolatu du eta Euskal Herri mailako beste 12 elkarteren babesa dauka. Stop 5G mugimendua mundu mailan zabaltzen ari da. Zuhurtasunaren printzipioan oinarrituta, eta kalterik gabeko teknologia dela frogatu arte, 5G teknologiaren hedapena geldiaraztea eskatzen da. Informa-tu taldeak sinadura biltze kanpaina egin zuen Oñatin maiatzean, udalari 5G-aren hedapena geldiaraztea eskatzeko.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!