59 langabe gutxiago Oñatin, urrian

2020/11/04
Card image cap
Langabezia tasa %8tik behera kokatu da, azken sei hilabeteetan lehenengo aldiz

  Langabeziak nabarmen behera egin du urrian Oñatin, bigarren hilabetez jarraian. Ez da ohikoa 59 langabe gutxiago zenbatu izana eta hori gertatu da. Bereziki zerbitzuen arloan zihardutenen artean izan da jaitsiera handiena baina eraikuntzan eta nekazaritzan izan ezik, gainontzeko sektoretan antzeman da.

  Aipagarria da gizon eta emakumeen artean kasik proportzio berean egin duela behera langabeziak, hori ere ez da ohikoa. Une honetan, Oñatin lanik gabe dauden 100 lagunetatik 54 emakumeak dira, 46 aldiz, gizonezkoak. Adinari dagokionean, emakumeen artean adin talde guztietan islatu da jaitsiera, gizonezkoen artean bereziki, 44 urte bitartekoenen taldeetan.

  Otsailaz geroztik, herriko langabezia etengabe handitzen joan da, irailean, joera irauli zen arte. Irailean abuztuan baino 5 langabe gutxiago zenbatu ziren, jaitsiera, dezentez nabariagoa izan da urrian, 59 langabe gutxiago zenbatu direlako, esan bezala. Eta horrek, herriko langabezia tasa % 8tik behera kokatu du berriro, azken sei hilabeteetan lehenengo aldiz. Une honetan, 424 langabe daude Oñatin, eta tasa % 7.79 da.

  Orain urtebeteko datuekin konparatuta, aldea oso handia da, iaz baino 124 langabe gehiago daudelako herrian, eta tasa berriz, ia bi puntu altuagoa da. Baina momentu honetan munduan bizi den pandemia egoerak ez dauka zer ikusirik 2019ko egoerarekin eta hori ekonomian eta enpleguan antzematen da.

  Hego Euskal Herrian 5.500 langabe gutxiago zenbatu dira urrian, argitu beharra dago ordea, jaitsieraa Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu dela, Nafarroan irailean baino langabe gehiago baitaude. Eusko Jaurlaritzak langabeziaren jaitsiera positiboki baloratu du, baina egoera zaila dela ohartarazi du. Elena Perez Barredo, Enplegu sailburuordearen ustez, datuok pandemiari aurre egiteko erabilitako tresnak erabilgarriak izan direla erakusten dute baina zuhurtzia eskatu du, baita datuak aztertzeko orduan ere. Azken aste hauetako neurri murriztaileek ez diote enpleguari kalterik egin, nonbait,  aldi baterako enplegu erregulazioen datuari erreparatuz gero. Irailaren amaieran ia 31.000 lagun zeuden egoera horretan, eta ia bost mila gutxiago ziren urriaren 31n.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!