Oñatiko udala

55 haur eta gaztek ekin dio ikasturte berrian udalak babesten duen haur eta gazte etorkinen hizkuntza integrazio programari.

2012/10/17
Txikienak, Olakuako dorrean elkartzen dira eta nagusienak, gaztelekuan edo euskaltegian.

  Haur eta gazte guztiak, adinaren eta duten euskara mailaren arabera 9 talde ezberdinetan banatuta daude.
4 talde, edo beste era batera esanda 27 neska mutiko, 4 eta 11 urte bitartekoak dira. Hauek, Olakuako dorretxe honetan elkartzen dira arratsaldero.

  Txikienak dira hizkuntza integrazioa xamurrago lortzen dutenak, hizkuntza berria barneratzeko erraztasun naturala dutelako eta hezkuntza arloan ere, adineko herriko neska mutikoen pare jartzeko zailtasun berezirik ez dutelako izaten.

  Zailtasun gehiago dituzte nagusiagotan Oñatira etorri diren gazteek. Halako 28 daude aurten hizkuntza integrazio programa honetan. 12 eta 18 urte bitarteko 28 gazte 5 taldetan banatuta: 4, gaztelekuan elkartzen dira eta 16 urtetik gorakoen beste talde bat Udal euskaltegian.

  Haur eta gazteei zuzendutako hizkuntza integrazio programa honetan parte hartzen dutenei erreparatuta, azken urteetan Oñatira bizitzera, ikastera datozen etorkin gehienak Latinoameriketatik etortzen direla esan genezake eta nagusiki, Dominikar Errepublikatik. Hori gazteen taldean oso nabarmena da, ia erdiak, Karibeko herrialde horretatik etorritakoak baitira.

  Haur eta gazte etorkinen hizkuntza integrazio programa honetan dihardutenek, astean hiruzpalau ordu ematen dituzte euskara eta euskal kultura bereziki lantzen. Modu ludiko batean beti ere.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!