"50 salto eta gehiago" liburuan ikastolaren mende erdiko historia jaso da

2017/06/29
Card image cap
Atzo aurkeztu zen liburua ikastolako idazkaritzan eta Txokolateixian salgai dago

  Egun Txantxiku ikastola denaren 50 urteko historia hiru mugarriren bueltan laburtu da liburuan: sorrerako urteak, 1979an kooperatiba eratu eta San Migel ikastola Txantxiku ikastola bihurtu zen eta 1989ko kilometroak jaia eta ikastolak bigarren hezkuntza eskaintzeko baimena lortu zuen.

  Klandestinitatean sortu zen Oñatiko ikastola, beste askoren antzera. Franco hil ondorengo lehen urteak ere zailak izan ziren eta elizaren babesean jardun zuten. 1979-80 ikasturtean berriz, ikastola kooperatiba bihurtzea erabaki zen eta San Migel ikastola zena Txantxiku ikastola bihurtu zen. 80. hamarkada amaieran, bigarren hezkuntza emateko baimena eskuratu zuen ikastolak eta beharrezkoak ziren egokitze lanetarako finantzazioa 1989an Oñatin ospatu zen Kilometroak jaiak ahalbideratu zuen. Ikastolaren eskaintza akademikoak 0-18 urte tartea betetzen du egun. 2016-17 ikasturtean berriz, konfiantzaren pedagogia txertatu du haur hezkuntzan, eta etapaz etapa zabaltzeko erronka du datozen urteetarako.

  50 salto eta gehiago liburuak ikastolaren historiaz gain, ikasleen, irakasleen, gurasoen eta beste hainbat eragileren bizipen eta istorioak batzen ditu. 50 urteko historia iruditan ere islatu da argazki ugari bilduz. Baina atzoko aurkezpen ekitaldia 50 urte luze hauetan ikastolari babesa eman dioten gurasoak omentzeko ere baliatu zen. Aitor Guridik, ikastolako lehendakariak, jaso zuen omenaldi plaka guraso guztien izenean. Oroigarria ikastola sarreran jarriko da guztiek ikusi dezaten.

  50 salto eta gehiago liburuaren 800 ale argitaratu dira eta ikastolako idazkaritzan eta Txokolateixian salgai izango dira 15 eurotan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!