50.000 euroko dirulaguntza emango dio Diputazioak Gizabide Fundazioari , “Debagoieneko Berrikuntza Plataforma” proiektua finantzatzeko

2019/05/30
Astearteko Diputatuen Kontseiluan hartu zen erabakia

   Debagoieneko Berrikuntza Plataforma proiektua berrikuntza sozialaren esparruan kokatzen da eta lankidetza du oinarri. Hala lankidetza izaera duten prozesu komunitarioak bultzatzeaz arduratzen da. Horiekin, erantzuna ematen zaie momentuko gizarte erronkei, eta gizarteratu egiten dira kooperatibismoaren, eragile desberdinen arteko koordinazioaren eta esparru kontzeptualen sorreraren balioak, eta kooperatibek eta komunitateak berrikuntzak egitea ahalbidetuko duten prozesuak eta tresnak, Debagoiena eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoari lagunduz. Debagoieneko kooperatiba elkarteek apustu sendoa egin dute ekimen honen alde eta plataforma gauzatzeko eta 1.075.000 euroko aurrekontua bideratuko dute aurten.

  Debagoiena, erreferentzia da mundu mailan kooperatiba esparruan lortu duen garapenagatik. Proiektu kooperatiboaren egungo errealitatea enpresek sustatutako proiektu soil bat baino gehiago da, gizartearen eraldaketa proiektu bihurtu baita.  Kooperatibismoaren ibilbidearen ikuspegi integral eta eraldatzaile batetik abiatuta, beharrezkoa da momentu bakoitzeko beharrei erantzun berriak ematea eta erantzun horiek esperimentazioan oinarritzea.

  Diputatuen kontseiluak asteartean onartu zuen dirulaguntzaren berri ematerakoan foru bozeramaileak esan zuen, Gizabidea Fundazioak bultzatzen duen proiektua adibide egokia dela Aldundiak Gipuzkoa mailan sustatzen duen gobernantza kolaboratiboko eredua eskualde eskalara eramateko, eragile desberdinen arteko elkarlanean oinarrituta, beti ere komunitatea eta pertsonak erdigunean jartzen dituelako. Horregatik, esan bezala, 50.000 euroko dirulaguntza zuzenduko da Diputaziotik Debagoieneko Berrikuntza Plataforma proiektura.

Iturria: Oñati Irratia

Debagoieneko Berrikuntza Plataformaz argibideak eman ziren Arantzazun