46 haurrek egingo dute Lehenengo Jaunartzea asteburuan

2020/10/23
Maiatzetik urrira atzeratu dira, osasun egoerak eraginda

  Bi taldetan banatu dira neska-mutilak jende pilaketak saiheste aldera. Bihar larunbatean, 27 haurrek egingo dute jaunartzea eta domekan, beste 19k. Bi elizkizunak 13:00tan hasiko dira Parrokian. Eta hori ere ezohikoa da, eguerdiko meza nagusitik aparte egingo baitira jaunartzeak, jende asko elkartu eta nahastu ez dadin.

  Parrokian segurtasun eta osasun neurriak hartuta dituzte, edukiera murriztuta dago eta distantziak mantentzen dira. Neska-mutikoek astean egin dituzten entseguetan ere hala egin da. Elizkizunak ere, ohikoak baino laburragoak egin asmo ditu Horazio Argarate parrokoak, ordu erdi ingurukoak, eliztarren osasuna zaintze aldera. Baina dudarik ez da asteburuko bi elizkizun berezi horietan haurrak izango direla protagonista eta ohikoa baino parte-hartze handiagoa izango dutela ospakizunean. Kantuan arituko dira eta eskaintzak ere eurek egingo dituzte. Eta maskara jantzita egon beharko dute, jaunartzeko momentuan izan ezik.

  Gurean maiatzean egin ohi dira Lehenengo Jaunartzeak. Baina aurten, deseskalatze betean tokatzen ziren eta urrira atzeratzea erabaki zen, egoera lasaiagoa egongo zelakoan. Mugikortasuna mugatuz Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zituen neurri berriek eliza eta kultu lekuen edukierari eragiten diote baina Oñatiko parrokia oso handia da eta aforoa erdira mugatu beharrak ez du aparteko ondoriorik ekarriko bihar eta etziko ospakizun berezi hauetan. Gurasoek gainera, atzerapen berririk gabe, jaunartzeak asteburuan egitea eskatu dute. 

  Datorren urtera begira oraindik ez dira katekesia eta jaunartzea egingo duen talde berria prestatzen hasi. Gurasoekin bilera egitekoak dira, egoera zein den aztertu eta urteko plangintza zehazteko.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Fernando Rodríguez)