37 lagunek eman dute izena udaleku irekietan begirale izateko

2021/04/12
Card image cap
Izen-emate epea etzi, hilaren 14an amaituko da

  Pasa den asteartean, apirilaren 6an ireki zen udaleku irekietako begirale izan nahi dutenentzat izen-emate epea eta ostiralera arte 37 hautagai aurkeztu dira. Pentsatzekoa da gaur, bihar eta etzi bitartean, dezentez lagun gehiagok beteko duela eskaera orria.

  Udaleku irekietan begirale aritzeko oinarrizko baldintzak hiru dira: eskola graduatua izatea, EGA, C1 edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea ere kontutan hartuko da. Eskatutako baldintzak betetzen direla eta baloratzen diren formazio eta lan esperientzia agiri bidez egiaztatu beharko da eskaera orria aurkezten denean. Eskaera eta egiaztagiriak udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar dira, aurrez, 010 doako telefonora ditu eta hitzordua hartuta.

  Udaleku irekietan begirale izateko antolatzaileek zehaztutako prestakuntza saioetara joan beharko da, tartean, Covid-19aren gaineko formazio saiora. Aurten, udalekuak, ekainaren 28tik uztailaren 23ra izango dira, baina begiraleei hilabete bateko kontratua egingo die udalak, hau da, uztailaren 28ra arte.

  Iaz bezala aurten ere udalekuetako jardunak goizak osorik hartuko ditu, 9:00tatik 13:00tara izango baitira eta 2009tik 2017ra bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute. Haurren izen-ematea datorren astelehenean, hilaren 19an irekiko da. Oraingoz, begirale izan nahi dutenena dago zabalik asteazkenera bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!