35 merkatarik parte hartzen dute Oñatiko IX. erakusleiho lehiaketan

2016/12/05
Eskaparateak apainduta herritarrek bozkatzeko aukera dute jada

  Hainbat  bide daude herritarren saria hautatzeko: Kontzejupetik aldizkariaren abenduko alean topa daitezkeen bozka orritxoak moztu eta beteaz edota aldizkarian argitaratu den QR kodea eskaneatuta agertuko den formularioa beteaz. Internet bidez ere bozka daiteke, udaleko web gunean, www.oñati.eus atarian sartuta. Bide tradizionala erabiliz, bozka orriak betetzen dituztenek, buzoiak hiru lekutan topatuko dituzte: udaletxeko harrera bulegoan, turismo bulegoan edota Bidebarrieta kaleko 12ko sozio-ekonomia zerbitzuko bulegoetan. Bozka edozelan emanda ere, azken eguna abenduren 15a izango da. Parte hartzen duten herritar guztien artean 200 txantxi zozketatuko dira.

  Dendariek berriz, asteburuan apaindu dituzte euren erakusleihoak eta halaxe mantendu beharko dituzte, gutxienez, abenduaren 31ra arte. Aurtengo Gabonetako eskaparate lehiaketan txantxi monetaren presentzia hoberen nabarmentzen duen establezimenduari 500 txantxiko sari berezia emango zaio, iaz egin zen bezala. Lehen aipatu dugun herritarren saria ere 500 txantxikoa izango da. Baina beste 5 sari ere izango dira, 1500, 1000, 500, 300 eta 200 txantxikoak, hain zuzen ere. Lehiaketaren epai mahaia, Gipuzkoako Bazkundeko teknikari batek eta erakusleiho-apainketa arloko bi profesionalek osatuko dute eta eskaparateak baloratzeko oinarrizko lau irizpide hartuko dituzte aintzakotzat: konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna. 

  Sari banaketa eguna, Gabonen aurreko zapatua izango da aurten ere, abenduaren 17a alegia. Ekitaldia, 3:30tan eta udaletxeko areto nagusian.

  Iaz, zortzigarren  Gabonetako eskaparate lehiaketan, 32 denda eta lokalek parte hartu zuten. Lehen saria Amalur belar dendak eraman zuen, bigarrena Kimu lora dendak, hirugarrena, Barue dekorazio dendak, laugarrena Urrutia Gizonak jantzi dendak eta 5.a Marku jantzi dendak. Markuk gainera, herritarren saria eskuratu zuen. Txantxi monetaren presentzia nabarmentzeagatik eman zen sari berezia berriz, Trikitx dendak jaso zuen. Aurtengo sarituak, esan bezala, abenduaren 17an egingo den ekitaldi publikoan ezagutaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Iazko erakusleiho saritua