33 merkatarik parte hartzen dute Oñatiko X. erakusleiho lehiaketan

2017/12/05
Herritarrek bozkatzeko aukera bihar zabalduko da

  Hainbat  bide daude herritarren saria hautatzeko: ohikoa denez Kontzejupetik aldizkariaren abenduko alean topa daitezkeen bozka orritxoak moztu eta beteaz edota aldizkarian argitaratu den QR kodea eskaneatuta agertuko den formularioa beteaz. Dendetan ere, lehiaketako partaide direla adierazten duten kartulinetan aipatu QRa txertatu da. Eta internet bidez ere bozka daiteke, www.oñati.eus udal atarian sartuta. Bide tradizionala erabiliz bozka orriak betetzen dituztenek buzoiak hiru lekutan topatuko dituzte: udaletxeko harrera bulegoan, turismo bulegoan edota Bidebarrieta kaleko 12ko Sozioekonomia zerbitzuen bulegoetan. Bozka edozelan emanda ere, azken eguna abenduren 20a izango da. Parte hartzen duten herritarren artean 200 euro zozkatuko dira.

  Dendari gehienek berriz, asteburuan apaindu dituzte erakusleihoak eta batzuk paperez estalita gorde dituzten arren, gaurtik aurrera agerian dituzte eta halaxe mantendu beharko dituzte, gutxienez, abenduaren 31ra arte. Aurtengo Gabonetako eskaparate lehiaketan bi aldaketa nagusi daude, sariak eurotan banatuko dira eta parte hartze saria ere izango da. Zozketaz erabakiko den bakarra izango da. 500 euroko sari berezi hau lehiaketan  parte hartu baina saririk lortu ez dutenen artean zozkatuko da. Herritarren saria ere 500 eurokoa izango da. Baina hartarako izendatzen den adituen epaimahaiak beste 5 sari emango ditu, 1500, 1000, 500, 300 eta 200 eurokoak, hain zuzen ere. Erakusleihoak  baloratzeko oinarrizko lau irizpide hartuko dira kontuan: konposizioa, argitztapena, koloreak eta originaltasuna. 

  Sari banaketa eguna Gabonen aurreko zapatua izango da aurten ere, abenduaren  23a alegia. Ekitaldia, 13:30tan hasiko da udaletxeko areto nagusian.

  Iaz, IX. erakusleiho lehiaketan, 35 denda eta lokalek parte hartu zuten. Lehen saria Trikitx dendak eraman zuen, bigarrena Bellotzak, hirugarrena, Urtxinek, laugarrena Kimuk eta 5.a D'or estetika dendak. Trikitxek gainera, herritarren saria ere eskuratu zuen. eta Txantxi monetaren presentzia nabarmentzeagatik eman zen sari berezia berriz, Bellotza dendak jaso zuen.

Iturria: Oñati Irratia