30 kaxa bete arropa bidali dira Oñatitik Lesboseko Siriar errefuxiatuen kanpamendura

2015/11/13
TXANTXIKI Familia Taldeak igandera arte jarraituko du Siriara bidaltzeko materiala batzen

  Madrildik Lesbos uhartera, Siriar errefuxiatuen kanpamentura laguntzera doazen hainbat lagunen bidaia probestu da batutako arropa bertara eramateko. Horregatik, Txantxikik Oñatin batuta zuen material hori, janari eta garbitasun produktuak baino lehen gertatu eta bidali da. Fundacion Seur-en bitartez atzo bertan bidali ziren arropaz betetako 30 kaxak Madrilera.

  Baina Txantxikik material berria batzen jarraitzen du eta horretarako, herriko hiru denden laguntza ere badu. Super BM, Eroski eta Dia-n elikagaiak eta higiene produktuak uzteko karroak jarri dira kanpainaren berri ematen duten kartelekin batera. Horrela, arratsaldez Eltziara joaterik ez duten herritarrei laguntza emateko bidea erraztu nahi izan zaie.

  Domekara arte luzatuko da Txantxiki Familia Elkartearen material bilketa kanpaina. Orokorrean, esan bezala, higiene produktuak eta elikagaiak batzen ari dira. Baina zerrenda luzea da: haurrentzat pañalak eta toallitak; emakumeentzat konpresak; mantak, berriak edo erabiliak baina egoera onean daudenak, arroza, pasta, esne hautsa eta txerrikirik ez duen eta latan kontserbatutako janaria; xaboia barran eta mediku materiala, hau da, bendak, gasak, iodoa eta antzerako gaiak eskatzen dira. Materiala, Eltziara, Lagun Leku elkartera eraman behar da arratsaldeko 17.00etatik 20.00tara.

  Domekara arte batutakoa, sailkatu eta kaxetan sartu ondoren, Fundacion Seur-en bidez Madrila doan bidaliko da, handik, AASP Siriar herrialdearekiko laguntza elkartearen bitartez Siriara edo Siriar errefuxiatuen kanpamenduetara bidaliz. Hala egin berri da, esan bezala, Oñatin batu den arropaz betetako 30 kaxekin.

Iturria: Oñati Irratia