3 kontzertu, Argentinara bira eta liburu-diska

2019/03/25
Card image cap
Oñatiko Ganbara Abesbatzak 25. urteurreneko ospakizunen berri eman du

  Arantzazuko Santutegian martxoaren 30ean, Bidaurretako elizan ekainaren 1ean eta zehazteke dagoen lekuan abenduaren 1ean izango dira zilarrezko ezteiak ospatzeko Ganbara abesbatzak herrian emango dituen kontzertuak. Hirurak, bereziak.

  Lehena Stella Maris kontzertua izango da, Ama Birjinari eskainitako obrez osatutakoa. Kontzertuaren bigarren zatian gainera, Iker Gonzalez zumaiarrak taldearentzat, eta 25. urteurren honetarako, propio idatzi duen Stabat Materra estreinatuko dute. Stella Maris kontzertu hau Arantzazuko Santutegian izango da larunbatean, 19:00tan. Sarrerak eta bertaraino joan-etorria egiteko autobus txartelak salgai daude ohiko lekuetan. Bigarren kontzertua ekainaren 1ean Bidaurretako elizan izango da Leioako San Juan Bautista abesbatzarekin batera. Talde bizkaitarrak 50. urteurrena du eta biek, eskutik, ospatuko dute, lehenik Oñatin eta ondoren Leioan. Eta hirugarren kontzertua abenduaren 1ean izango da, oraindik zehazteke dagoen eszenatokian. 25 urte hauetan Ganbara Abesbatza osatu duten abeslariak batuko dira Romantic Sound izeneko urteurreneko kontzertuan. Taldea utzi duten kideei zuzenduta entsegu bereziak egingo direla aurreratu da gaurko aurkezpenean.

  GURE BIDEA izeneko liburu-diska ere argitaratu da, taldearen historian hirugarrena. Azkoitiko Santa Krutz komentuan grabatutako lan honetan, azkenaldian taldearentzat  esanguratsuak izan diren obrak jaso dira, batzuk a capella abestuta, beste batzuk musika tresna ezberdinen konbinazioaz lagunduta. Diskoa, taldearen 25. urteko historia laburbiltzen duen liburuaz osatzen da; argazkiak, anekdotak eta testigantzak jaso dira. Liburu-diska Arantzazun jarriko da salgai.

  Eta zilarrezko ospakizunetan bereziena taldeak azaro hasieran Argentinara egingo duen bira da. Argentinako Euskal Aste Nazionala Bahia Blancako Euskal Etxeak antolatzen du aurten, elkartearen 120. urteurrenaren baitan. Oñatiko Ganbara Abesbatzak bi kontzertu eskainiko ditu Bahia Blancan eta beste bi Buenos Airesen eta La Platan. Europa mailan hainbat bidaia eta lehiaketetan parte hartu ondoren, Ameriketarako salto egingo du Ganbara Abesbatzak 25. urteurren honetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!